Ghettoetatik izarretara
Hip hopak 40 urte inguru ditu. Afroamerikarren auzoetan sortua, kultur mugimendu hau mundu osoan zabaldu da. Hona hemen, haren historia.
Hip-hopa kultur mugimendua da. 70eko hamarkadan, AEBetako New York hiriko afroamerikarren auzoetan sortu zen (Brooklyn, Bronx eta Queensen, bereziki). Auzo horietan, "Block party" izeneko festak antolatzen zituzten, eta jaietan, auzotarrak kultur ekitaldiak ikusteko elkartzen ziren.
Musikak garrantzi handia zuen, eta festa haien artean, berebiziko arrakasta zuten Kool Herc disko jartzaileak antolatutakoek. Kool Herc jamaikar jatorriko etorkina zen, eta Jamaikako sound systemen erara antolatzen zuen festa. Reggae musikarekin batera, funk, soul eta disko musikak nahasten zituen, eta jendeak dantzan jarrai zezan, kanten zati erritmikoen eta instrumentalen gainean hitz egiten zuen, jendea zirikatuz eta dantzara animatuz (Jamaikako toaster-en erara).
Zati erritmiko edo instrumental haiek nahiko laburrak zirenez, Herc, bi plato eta nahasketa mahaia erabilita, zati haiek luzatzen hasi zen. Horretarako, teknika asko erabiltzen zituen; disko beraren bi ale bata bestearen ondoren ipintzen zituen, kantaren perkusio zatia behin eta berriro errepikatzen zuen (scratcharen teknikaren lehen pausoak), eta isiluneekin ere jokatzen zuen. Oso tarte laburrak izaten zirenez, hizlariak oso azkar hitz egin behar zuen, eta bere hitz jarioa musikaren doinura moldatzen saiatu behar zuen.
Eta rapa sortu zen
Horrela sortu zen rapa, abesteko era bezala. Kool Herc oso ezagun bihurtzen hasi zen, eta berarekin aritzen ziren bi abeslariekin (Coke La Rock eta Clark Kent "MC"-ak; Master of Ceremony) batera, Kool Herc & The Herculoids kolektiboa osatu zuen.
Pixkanaka, rap abeslariak edo MC-ak perretxikoak bezala ugaritzen hasi ziren. Nork bere ezaugarriak eta abesteko era zituen. Are gehiago bereizteko, nork bere hizkera eta gaiak lantzen zituen. Baina denek jendearen arreta eskuratzea zuten helburu.
Haien artean, "The dozens" izeneko ohitura erabiltzen zutenek arrakasta handia zuten. Haren arabera, bi aurkari (gizonezkoak, normalean) aurrez aurre jarri eta bata bestea iraintzen hasten ziren. Normalean, familiari zegozkion irainak izaten ziren; lehiakidearen ama iraintzea helburu zutenak, bereziki. Irainka trebezia handiagoa nork zuen erakutsi behar zuten, eta haserretzen zen lehenak galdu egiten zuen. Dirudienez, hitz joko horiek New Orleansko esklabo merkatuan zuten jatorria.
Eta musika bakoitzak bere dantzatzeko era duenez, 70eko hamarkada hasieran, breakdance izeneko dantzak arrakasta handia izan zuen block party-etan. Kalean, bestalde, mugimendu honi lotuta, sprayen bidez zabaldutako arte mota berri bat indartzen hasi zen: graffitia (hip-hop mugimenduaren bi adar hauek, rap musikatik bananduta aztertuko ditugu).
Lehen grabazioak
70eko hamarkada erdialderako, bi joera nagusi zeuden hip-hopean, musikari zegokionez. Batak, disko musikan oinarritutakoak, dantza zuen helburu, eta erritmoen gainean rapeatzen zuten abeslariz osatuta zegoen. Haien artean, Eddie Cheeba, Pete Dj Jones, Dj Hollywood edo Love Bug Starsky ziren arrakastatsuenak. Bestea, berriz, erritmoan oinarritutakoa zen, erritmo joko bitxiekin eta hizlari azkarrekin. Afrika Bambaataa, Paul Winley, Grandmaster Flash edo Bobby Robinson ziren abeslari haietako zenbait.
Musikaren arrakastarekin batera hasi ziren lehen grabazioak. Hasieran, estudioko musikariek jotzen zituzten doinuen gainean rapeatzen zuten abeslariek, eta musika aldetik, funk eta disko musikaren eragin handia zuten. Horren adibide dira Fatback Band taldearen " King Tim III", Grandmaster Flash-en "Super Rappin´" edo Sugarhill Gang taldearen "Rappers Delight" kanta klasikoa. Azken honek Chic taldearen erritmo ezagunak zituen oinarri, eta nahiz eta hasieran Sugarhill Gang-ekoek ez zuten onartu base erritmikoa kopiatu zutenik, azkenean, epaitegiak zirela medio, onartu egin behar izan zuten.
Ekialdeko kostaldeko rapa
80ko hamarkadarekin batera, grabazio teknikak aldatuz joan ziren, eta scratcharen teknikaren garapenari eta tresna elektronikoen sorrerari esker, rap musika gaur egun ulertzen dugun bezala sortu zen. Afrika Bambaataaren "Planet Rock" edo Run DMC taldearen "Sucker MC´s" eta "Peter Piper" abestiek estiloaren norabidea ezarri zuten.
Beraz, funk eta disko musikaren gainean egindako rapeatuak gaindituta, musika estilo propioa sortzen ari zen. Hip-hopa AEBetako hiri askotan sustraitzen hasi zen, baina berrikuntza hauek, hip-hoparen sorlekuan, New York hirian, sortu ziren. Ekialdeko kostaldeko rapa bezala ezagutzen hasi zen horregatik. 80ko hamarkada hartan, hip-hopak garapen handia izan zuen. Rap abeslariek teknikak hobetu egin zituzten, eta mezuak gero eta politikoago bihurtzen hasi ziren (Grandmaster Flash & The Furious Five taldearen "The Message" kanta, adibidez, 1982an). Grabazio teknikak garatu egin zituzten, eta 1984an Marley Marl ekoizleak bateria sampleatu eta elektro musikaren oinarriak jarri zituen.
Arrakasta
Rap musikak ghettoetako iluntasuna alde batera utzi zuen, eta arrakasta zerrenden distirara gerturatzen hasi zen, 80ko hamarkadaren erdialdean. "Errudunak" L.L. Cool J. abeslariaren "Radio" diskoa, Run DMC-ren "Raising Hell" eta Kurtis Blow-ren "Kurtis Blow" diskoak izan ziren, besteak beste.
Pop abeslariak ere rap musikara hurbiltzen hasi ziren (Blondie taldeko Debbie Harry-ren "Rapture"). Eta 1986an, lehen aldiz, bi rap abesti sartu ziren Billboard arrakasta zerrendaren lehen postuetan; Beastie Boys-en "Right! (To Party)" eta Run DMC-ren "Walk This Way" kantak. Azken honetan, Aerosmith rock taldeak parte hartu zuen, eta hip-hop eta hardrock estiloen arteko lehen nahasketa izan zen.
Emakumeak, beste musika estilo gehienetan bezala, baztertuta egon ziren hasieran. Lady B. izan zen, 1980an, kanta bat grabatzea lortu zuen lehen emakumezko rapeatzailea; "To The Beat Y´All" zen abestia. Dena dela, 1985. urtera arte, ez zuten emakumezko raperoek arrakasta lortu; Salt-N-Pepa taldea izan zen, "The Show Stoppa" abestiarekin, ospetsu bihurtu zen lehen emakumezko rap taldea.
1986an, Ice T abeslariak arrakasta lortu zuen, "6n´ Seminal Da Mornin" kantarekin; mendebaldeko kostaldean halakorik gertatzen zen lehen aldia zen eta baita "gansta rap" izeneko estiloaren sorrera ere (L.L. Cool J, Schoolly D eta N.W.A taldekoen baimenarekin).
1987an Public Enemy-k lehendabiziko diskoa kaleratu zuen, "Yo! Bum Rush The Show" (Def Jam), eta 1988an, Boogie Down Productions taldeak, "By All Means necessary". Konpromiso politikoaren eta rap militantearen adibide garbiak ziren, eta musikaren hezurdura dardarka jarri zuten; gaiei zegokienez, mezu iraultzaileak eta borrokalariak zabaltzen zituztelako, eta musika aldetik, Public Enemy-ren kasuan, samplerrak erabiltzeko teknika berritzaileak landu zituztelako (Eric b & Rakim eta Prince Paul-en laguntzaz).
Gangsta money
90eko hamarkadako lehen urteak oso bortitzak izan ziren rap munduan. 1988an, N.W.A taldeak "Straight Outta Compton" diskoa kaleratu eta arrakasta izugarria izan zuen. Abestietan, gai nagusiak bortizkeria, drogak eta sexua ziren. Adituen hitzetan, arrakasta lortu zuen gansta rap estiloko estraineko diskoa izan zen hura. "Fuck The Police" kanta ere oso ezagun bihurtu zen, eta arazo ugari ekarri zien poliziarekin (F.B.Ik agiri bat zabaldu zuen, taldea gaitzesteko). Hala ere, mendebaldeko rapak ospe handia lortu zuen.
N.W.A. taldea desagertu ondoren, Dr. Dre izeneko taldekideak "The Chronic" diskoa kaleratu zuen 1992an. Gerora, "g funk" izenaz ezagutu zen raparen oinarriak jarri zituen disko hartan. Horrez gainera, rap musikak gaur egun duen arrakasta komertziala ulertzeko ezinbestekoa da diskoa. G funk estiloak "p funk" doinuen eragina zuen (George Clinton, Parliament, e.a.); funk erritmiko eta psikodelikoa rapeatzeko era goxo eta lasaiarekin elkartuz.
Death Row izeneko diskoetxeak estilo honetako disko ugari kaleratu zuen, eta urte batzuetan, ekialdeko kostaldeko nagusitasunari aurre egin zioten. Estilo honetako artista ezagunenak Snoop Doogy Dogg, 2 Pac eta Dr. Dre izan dira (abeslari entzutetsuen ekoizlea ere izan da azkena). Ekialdeko kostaldean, Bad Boy Records zigiluak, rap musikan izandako nagusitasuna berreskuratu nahian, Puff Daddy edo Mase bezalako abeslarien diskoak plazaratu zituen. Sona handia lortu zuten arren, kritika gogorrak ere jaso zituzten, oso poperoak omen zirelako. Haiez gain, Nas, Busta Rhymes edo Wu-Tang-Clan taldeek ere oihartzuna lortu zuten. Bi kostaldeetako diskoetxeen eta abeslarien arteko lehia gero eta bortitzago bilakatu zen, eta, azkenean, besteak beste, 2 Pac, Shakur eta Notorious B.I.G abeslarien heriotzak eragin zituen.
XXI. mendea
Rap musika negozio handia bihurtu da. 80ko hamarkadan, hiri gutxi batzuetako auzo txiroetan entzun zitekeen musika izatetik munduko edozein txokotan entzun eta egiten den musika izatera pasatu da. Munduko edozein hiritan, rap musika egiten duten abeslariak eta taldeak topatuko ditugu, eta bakoitzak berezko ezaugarriak gehitu dizkio musikari.
Alde horretatik, Europan, Asian edo Afrikan, milaka talde ari dira rap musika egiten, eta milioika gazte sentitu dira musika honen doinuek erakarrita. Raparen sorterrian, AEBetan, gaur egun gehien saltzen duen musika estiloa da, eta, zoritxarrez, musika industria boteretsuak bere gustura moldatu eta menperatu du. Ildo horretatik, Eminemek eta antzeko abeslariek (Dr. Dre-ren babespean), milioika disko saltzen dituzte, eta azaleko itxura "matxinoaren" azpian, gizarte kontserbadorearen idealak bizirik mantentzen dituzte. 50 Cent, Nelly eta antzekoak ere horren adibide dira.
Eskerrak rap musikak musika industria boteretsuaren atzaparretatik ihes egin duen eta mundu osoan zabaldu den. Mundu osoko kultura eta musika estiloekin elkartzeko gauza izan da, eta garapen horretatik dator oraingo aberastasunik handiena (amaigabea litzateke zerrenda, baina, adibidez, oso kontuan hartzekoak dira Afrikan sortutako rap taldeak. Senegalen edo Hego Afrikan, esaterako, oso talde interesgarriak daude, eta haietako batzuek onarpena lortu dute nazioartean). Eta historiak jarraitzen du.
Oinarrizko hiztegia
BreakdanceaBreakdancea kaleko dantza da. Dirudienez, AEBetako hirietako ghettoetan, etsaitutako taldeek lurraldea banatzeko erabilitako bidea zen break dantza. Gorputzaren bidez egindako mugimendu ikusgarriekin lehiatzen ziren, txandaka, eta irabazlea lurraldeaz jabetzen zen. Borroka arteekin, gimnasia mugimenduekin eta Brasilgo capoeira dantzarekin lotura du, eta James Brownengandik eta beste funk abeslari batzuengandik ere hartu du inspirazioa. Denborarekin, rap eta elektro musikei lotutako dantza bihurtu da, eta dantza hori egiten dutenei b-boy edo b-girl esaten zaie (oro har, hip-hopzaleari ere esaten zaio). Break hitzak hausturarekin du zerikusia, kantaren zati azkar eta erritmikoenari dagokio, eta rap abeslariek zati hori erabiltzen dute, hain zuzen, errimatzeko. Rap musikariaren aitzindari Kool Herc-en hitzetan, break hitzak dantzarien buru hausketarekin edo zoramenarekin du zerikusia. 80ko hamarkada hasieran oso famatu bihurtu zen dantza mota hau, Breakin, Beat Street, Wild Style edo Flashdance filmei esker (azken film hau ez da break filma, baina dantza honen eragin handia du).
Dantza honetan, mugimendu asko dago. Toprock izeneko mugimendua zutik egiten da, eta funk estiloaren dantzarekin du zerikusia; oso erritmikoa da. Normalean, mugimendu honekin hasten dira breakerren pausoak. Bestea, Downrock izenekoa, gerriari dagokio, eta gimnasia mugimendu batzuen bidez gorputza lurrarekin harremanean jartzea da. Freezing izenekoan, aldiz, mugimendu ikusgarriak gorputza lurretik altxatzea du helburu. Hauek denak elkartuta sortzen da break erakustaldia (mugimendu gehiago ere badira; mugimendu elektrikoekin, edo errobotenak irudikatuz, gorputza argindar kable baten pareko bihurtzen duena, esaterako). Erakustaldia lehiaketa bihurtzen da, partaideak, borobil bat eginez, elkarren aurka lehiatzen direnean.
Scratch-turnablima
Turnablim-a musika pintxatzeko modu berezia da. Kantak bata bestearen ondoren jartzen dituzten dj-ak ez bezala, turnablimean, platoak instrumentu bihurtzen dira. Teknika hau garatzen lehena lehen aipaturiko Kool Herc jamaikarra izan zen; festetan, kanten zati erritmikoa luzatu nahian, zati hori errepikatzen hasi zen eta. Horretarako, teknika ugari garatu zituen, eta modu horretan, abestien manipulaziotik (edo bi disko batera erabilita), kanta berria lortzen zuen. Denborarekin, teknika hauek garatu egin ziren, eta gaur egun scratch izenez ezagutzen duguna sortu zen; diskoaren zati baten errepikapenaz, beste instrumentu bat balitz bezala, musikan eragina duten soinuak sortzea da scrath-a.
Scratcha egiteko hainbat teknika daude, eta nahasketa mahaien eta teknologiaren garapenari esker, era askotakoak izan daitezke. Crossfaderra, ekualizazioak edo diskoen abiadura aldatzeko aukera ematen duten teknikei esker, asko garatu da scratch-a. Gaur egun, turnablism teknika erabiltzen duten dj-en arteko lehiaketa asko antolatzen dituzte, baina ziurrenik, DMC izenekoa da ezagunena, mundu osokoa delako.
Graffitia
Errotuladorearekin edo sprayarekin margotzeari esaten zaio graffitia egitea. Normalean, egileak bere ezizena margotu ohi du, baina edozein motatako irudiak eta marrazkiak egin daitezke. Hiria izaten da margotzeko lekua; hiriko paretak edo hiriko altzariak erabiltzen dira normalean, baina edozein lekuk balio dezake.
Garai batean, AEBetan bereziki, metroko trenetan margotzea zen ohikoena. Graffitiaren historia luzea da, eta beti izan da gatazkatsua. Batzuentzat artea dena besteentzat delitua da, eta gaur egun, Euskal Herriko herri askotan, kalean, baimenik gabe, graffitiak egitea oso arriskutsua izan daiteke (debekatua dago, eta isunak jartzen dituzte). Gizarte mailan, aldiz, oso ondo ikusita dago, eta eredu izan da diseinatzaile askorentzat.