GHB drogaren edo "estasi likidoaren" inguruan jakin beharrekoak
Geroz eta gehiago entzuten da droga honi buruz, baina ematen den informazio guztia ez da beti zuzena izaten. Hona hemen zalantzak argitzeko zenbait datu.
GBH edo azido gamma-hidroxibutirikoa 'estasi likidoa' izenez ere ezagutzen da gizartean. Izen hori modu erakargarrian saltzeko jarri diote, ordea, ez baitauka estasiarekin zerikusirik. Estasia anfetaminaren deribatu bat da, eta indar handiko estimulatzailea da burmuinarentzat. GHBa, aldiz, burmuinaren funtzionamenduaren depresorea da, eta bere funtzio fisiologiko gehienak blokeatzen edo murrizten ditu.
Gure gorputzak ere sortzen du GHBa, kopuru txikietan. Nerbio-sistema zentralean eta bestelako organo batzuetan ageri da, esaterako bihotzean edo giltzurrunetan.
Kontua da, ordea, albo-ondorioak eta arriskuak dituela. J. Javier Meana eta Luis F. Callado EHUko irakasle eta ikerlariek The Conversation-en argitaratutako artikuluan azaldu bezala, anestesiko moduan erabili zen 60ko hamarkadan baina baztertu egin zuten eraginkorra ez zelako eta nahi gabeko ondorioak zituelako. Hala ere, zenbait herrialdetan erabiltzen da narkolepesiaren tratamendurako.
Adikzio handia sor dezakeen substantzia da eta, hori dela eta, komertzializazioa debekatu zen 2002an. Dibertimendurako droga bilakatu da hala ere.
GHBaren eragina gorputzean
Kolorerik gabeko sustantzia likidoa izaten da eta inor ohartu gabe edariarekin nahastu ahal izatea ahalbidetzen du horrek. Callado eta Meana ikerlariek idatzitakoaren arabera, alkoholaren antzeko eragina du. Hasieran deshinibitze jarrerak eragiten ditu eta jendearterako joera. Ondoren, logalea, mugitzeko zailtasunak, goragalea, botaka eta kontzientzia galtzea ere sor dezake. Dosi altuetan kontsumituz gero, arnasketa arazoak eragin ditzake, eta baita koma egoera edo heriotza ere. Eragina handitu egiten da alkohola, benzodiazepina edo opiazeoak hartuz gero aldi berean.
2022an Europan drogen inguruan egindako ikerketa baten arabera, drogen intoxikazioagatik ospitaleratutako pertsonen %11k sustantzia hau zuen gorputzean, eta Zaintza Intentsiboko Unitatera eramandako %35ak.
Meana eta Callado ikerlariek nabarmendu dutenez, modu jarraian hartuz gero, dependentzia eta abstinentzia sintoma klinikoak eragiten ditu, etanolaren kontsumoagatik sortzen direnaren antzekoak.
Noiz eta nola atzematen da GBHa?
GBHaren eragina 10-20 minutura antzematen da eta 60 edo 90 minutuko iraupena izan ohi du. Hiruzpalau ordura desagertzen da guztiz eragina. Sustantzia horrekin eraso egin dizutela susmatuz gero, ahalik eta azkarren osasun zentrora joatea da gomendagarriena, odol eta gernu analisiak egiteko. Hartu denetik zortzi ordura arteko tartean detekta daiteke odolean, eta hamabi ordutara artekoan pixaren kasuan. Behin epe horiek igarota, kasu batzuetan ilearen bitartez atzeman izan da. GHBaren arrastoa behar bezala interpretatzea ez da beti erraza izaten, gorputzak berak ere sortzen duelako naturalki, kopuru nabarmenetan ez den arren.
Sexu erasoetarako sarri erabiltzen al da?
Komunikabideetan eta gizartean substantzia hau sexu delituetarako gero eta gehiago erabiltzen dela zabaldu izan da. EHUko ikerlari hauek adierazi dutenez, delitu mota hauetan gehien erabiltzen diren drogak alkohola eta benzodiazepinak izaten dira. Nazioarteko 2018ko ikerketa baten arabera, drogak erabili izan diren sexu delituen %5 baino gutxiagoan topatu dituzte GBH arrastoak.