'Geu afrikarrok' erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson

Hainbat lagunen barne-begirada eta hamar artista bisualen lanak uztartu dituzte.

Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak eta Kulturuneak 2022an antolatutako Giza Eskubideen eta Sorkuntza Artistikoaren deialdian hautatutako proposamena da Geu afrikarrok. Juan Arrosagaray proiektuaren koordinatzaile eta bultzatzaileak azaldu duenez, erakusketak "jaio garen lekua eta nolakoak garen kontuan hartu gabe, partekatzen dugun giza faktorearen bilaketa izan nahi du".

Erakusketan jatorri ezberdinetako zortzi gaztek beren burua definitzen dute. "Leku intimo batetik, norberaren logelatik, abiatzen dira, eta are pribatuagoa den buruko espazio batera gerturatzeko gonbita luzatzen diote publikoari. Bertan, filiak eta fobiak, desirak, frustrazioak, hausnarketak eta emozioak adierazten dituzte", adierazi dute antolatzaileek.

Batetik, honako hauen barne begiradak izango dira: Jairo da Cruz, Amina Chrif, Antonio Pululu, Kunda Cisse, Destiny Osarumwense, Silvia Silumsadisa, Junior Acha eta Nora Cunharen. Bestetik, hamar artista bisualen lanak daude: Jaime de los Cobos, Uri Alberdi, Jonathan Munuera, Jon Cano, Aure Aguirre, Amaia Zorrilla, Roberto Nieto, Toni Cunha eta Arrosagaray bera. Dena den, batzuen eta besteen arteko banaketa ez da hain argia. 

Otsailaren 26ra arte bisita daiteke erakusketa. Bisitaldi gidatuak erreserba daitezke, erakusketan parte hartu duten sortzaileekin. Egun hauetan egingo dira bisitak: otsailak 8, 12, 17, 22 eta 25. 

Ekintza osagarriak
Erakusketaren proposamena batez ere ikus-entzunezko sorkuntzan oinarritzen denez, zinemaren, kolonialismoaren eta migrazioen gaineko hitzaldi eta proiekzioen zikloa ere antolatu dute. 

Otsailaren 10ean, ostiralean, Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan Viaje de ida y vuelta dokumentala proiektatuko dute.  Tamara Moyak online parte hartuko du eta Destiny Osarumwense eta Gari Gonzalez egongo dira bertan, dokumentaleko parte-hartzaile baitira. Jatorri afrikarreko Gasteizko elkarteetako kide diren Cherno Jallow, Alpha Diallo eta Soumaya Eddimokrati ere izango dira, haien migrazio-prozesuak kontatzeko.

Otsailaren 24an, 13:00etan, Miradas coloniales, medios audiovisuales y estereotipos hitzaldia eskainiko dute Miguel Fernández Labayen, Tamara Moya eta Farshad Zahedik, Francisco de Vitoria BHIko ekitaldi-aretoan. Saioa publikoari irekia izango da, baina aurrez izena eman behar da. Egun horretan bertan, 19:00etan, Montehermoso Kulturunean, Alba Valenciano Mañé irakasle eta ikerlariak Imaginando la diferencia. El archivo colonial y el legado de Hermic Films (Guinea Española, 1944-1946) hitzaldia emango du. 

Azkenik, bi film luze proiektatuko dituzte Montehermoson, Afrikaldia Zinema Afrikarren Euskal Jaialdiarekin elkarlanean. Lehenengoa larunbatean izango da, 19:00etan, Alan Brainen The rumba kings dokumentala. Bigarrena, berriz, Lina Soualemen Their Algeria da;  hilaren 25ean proiektatuko dute, 19:00etan. Filmak ikusi ondoren, solasaldia egingo dute bertaratutako ikus-entzuleekin.