Getxoarte erakusketa kolektiboa egingo dute asteburuan
Erakusketara bisita gidatuak, Getxoko artea ezagutzeko ibilbideak, eta dantza eta musika emanaldiak izango dira, besteak beste.
Getxoarte 2022 erakusketa kolektiboa izango da gaurtik igandera bitarte, Punta Begoñako galerietan. Hamar egileren eta artista gonbidatu baten lanak ikusi ahal izango dira, sorkuntza garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko. Nahia Bedialauneta, Martin del Busto, Mikel Erkiaga, Eva Kareaga, Rocio Kunst, Sergio Daneri M. Guzman, Gabriele Muguruza, Luciana Rago, Iñigo Villar, eta Pablo Zabala izango dira hautatutako artistak eta gonbidatua, berriz, Amaia Molinet. Musika eta dantza emanaldiak, artistekin topaketak, bisita gidatuak eta Getxoko arte publikoa ezagutzeko ibilbideak ere izango dira.
Gaur, erakusketaren aurkezpena egingo dute 19:00etatik 20:30era. Tarte horretan, Getxoko arte publikotik ibilbidea egingo dute, Jose Ramon Carreraren Industriaren omenez monumentutik abiatuta. Arantxa Peredarekin egingo dute De abrazo a abrazo izeneko ibilbidea, gaztelaniaz. Ibon Markaidarekin ere arte ibilbidea egingo dute ordu berean, euskaraz, In Memoriam izenburupean, Vicente Larrearen Algorta eskulturatik irtenda. Gehienez 20 pertsonako taldeak izango dira. Gaueko bederatzietan, berriz, Euterpe dantza emanaldia izango da Maitane Sarralde eta Nerea Aizpuruarekin.
Bihar, larunbata, erakusketara bisita gidatua egingo dute Arantxa Peredarekin eguerdian. Arratsaldeko sei eta erdietan Kepa Garraza, Oier Iruretagoiena eta Maider Lopez artistekin solasaldia egingo dute, Izaro Ieregik gidatuta. Zazpietan, aldiz, Besarkadatik besarkadara ibilbidea egingo dute euskaraz, eta In Memoriam gaztelaniaz. Gaueko bederatzietan Verde Patroren kontzertua izango da.
Igande eguerdian marrazketa kolektiboko praktika egingo dute marrazteko grina duen adin guztietako jendeari zuzenduta. Ordu batetatik ordu bietara, erakusketara bisita gidatua egingo dute Arantxa Peredarekin eta, azkenik, 13:00etan, Txaranga Urretabizkaiaren emanaldia izango da, Punta Begoñarako sortutako soinu piezak aurkezteko.
Erakusketa 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara egongo da zabalik ostiralean eta larunbatean, eta igandean 11:30etik 15:00etara.
Jarduera guztietarako sarrera doakoa izango da, baina ibilbideetan eta bisitetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da getxoarte@getxo.eus helbidera idatzita.