Gernika-Lumon izango da Plazara! ekimenaren lehen saioa

Arrano tabernan izango da saioa, 18:30ean hasita.

Bertsolari gazteen Plazara! zirkuituaren hirugarren edizioko saioak urtarrila eta maiatza bitartean izango dira, hilean behin, Bizkaiko hainbat tokitan. Ekimenak bi helburu ditu: bata, bertsolari gazteen plazaratzean eragitea eta, bestea, beraien arteko saretzea eta talde izaera indartzea. Gainera, parte-hartzaileak eurak izaten dira antolatzaileak.

Gaur abiatuko da zirkuitua Gernika-Lumoko Arrano tabernan, 18:30ean. Bertsolariak Araitz Katarain, Beñat Bilbao, Maite Sarasola eta Enare Muniategi izango dira, eta gai-jartzailea Aitor Etxebarriazarraga.

Hurrengo saioa otsailaren 10ean izango da, 19:30ean, Iurretako Abadetxean. Iruri Altzerreka, Unai Foruria, Iker Garitagoitia, Irune Basagoiti eta Peru Irastorza arituko dira bertsotan, eta Ander Elorriaga gai-jartzaile lanetan.