Gerard Quintana: "Sormenaren aldeko apustua izan zen nire salbazioa"

Sopa de Cabra taldearekin Kataluniako rock panorama asaldatu ondotik, bakarkako ibilbideari heldu zion 2003an Gerard Quintanak (Girona, 1964). Hilabete honetan aurkeztuko du Xarim Arestérekin batera osatutako ‘Tothom ho sap’ lana.



Bartzelonaren erdigunean duen pisuko ateak zabaldu dizkit pozik, disko berria erditzear duenean. Gorabeheraz beteriko gaztaroa igaro zuen, baina 49 urte ditu orain eta harro dago bere ibilbidearekin.

Kataluniatik kanpo rock katalanaren izartzat ezagutu dugun arren, gaztetxoa zenean antzerkiak eraman zuen Quintana lehen aldiz agertokira. Hura zen bere pasioa, eta musika berriz, asteburuetako afizioa. Sopa de Cabraren ustekabeko arrakastak, hala ere, norabidez aldatu zuen egun batetik bertzera taldeko buruaren ibilbidea. 2003an, baina, bizi izandako booma apaldu ostean, bakarkako bideari heldu zion. Ogibidea dela-eta, Bartzelonan ematen du astearen erdia, bertze erdia, berriz, familiarekin Eivissan. Garai batean 35 urte betetzea ezinezkoa zela pentsatzen zuen arren, orain zoriontsu da bizitzak merezitako oreka oparitu diolako.

Hiriak duen toxikotasuna sendatzen omen du irlak.
Izaera berezia behar da bizimodu hau eraman ahal izateko, baina bai, hala da. Gizon urduria naiz, eta ez naiz toki bakarrean egoteko jaio. Bi errealitate hain desberdin bizitzeak oreka ematen dit, eta guztiok ongizatea aurkitu dugu horrela; seme-alabak zoriontsu dira, elkarren beharra dugu, eta garrantzitsuena dena, honela bizitzeko ezinbesteko diren konfiantzak eta segurtasunak batzen gaituzte.

Bakarkako azken lana argitaratu zenuenetik bost urte pasa direnean ikusiko du argia Xarim Arestékin batera sortu duzun ‘Tothom ho sap’ bildumak.
Ilusioz gaude, sekulako bizipena izan baita. Sormen prozesu orori aitortu ohi zaion bakardadetik at egin dugu lan, paretatik paretara. Konposatzeko era berria izan da biontzat. Sormen prozesuaren momenturik intimoenak ezagutu ditugu elkarrekin, eta gisa honetan lan egitea ezinezkoa litzateke beste edozeinekin.

Baldintza erabat desberdinetan hazitako musikariak zarete. Ausarta iruditzen zait bion aldetik...
Xarimen ausardia azpimarratzen dut nik elkarlanaren inguruan galdetzen didatenetan. Ezagutu ginen une beretik bagenekien latza izango zela. Egia da hemeretzi urteko aldea dagoela bion artean, baina praktikan hori ez dugu sekula nabaritu. 

Zergatik ‘Tothom ho sap’?
Aurreko lanekin ez bezala, diskoa egin aurretik bagenekien Tothom ho sap izena izango zuela. Rock disko klasiko bat sortu dugu, eta mundu guztiak daki zer aurkituko duen bertan, hortaz, argi dago, ustekaberik ez dela izango. Gainera, diskoaren kanta baten zati bat ere bada.

Geroxeago itzuliko gara lan berrira. Azken 30 urteetan erabat aldatu da zure bizitza. Nola gogoratzen duzu Sopa de Cabraren garaia?

Arduragabetasunez betea. Desio nuena argi nuen arren, ez nekien ezertxo ere musikaren negozioaren inguruan. Ustekabeko ordainsariak jasotzen genituen modu berean iristen zitzaizkigun sekulako zaplaztekoak ere. Egun bakoitza azkena izango balitz bezala bizitzea erokeria zen...

Talde gisa prest al zineten erritmo horri aurre egiteko?

Sopa de Cabra bost nortasun berezik osatzen genuen, eta taldeak zentzua zuen ohikoak ez ziren erronkak soilik maite genituelako. Elkarrekin joateko apustua eginez gero, sekulako indarra izaten genuen, baina era berean, ikaragarri arriskutsua zen, edozein momentutan gure kontra itzuli zitekeelako guztia. Estimu berezia diot garai hari, orduan ikasi bainuen guztia.

Gaztetxoa zinela, hala ere, antzerkigintza zenuen pasio...
Antzerkiagatik igo nintzen agertokira lehen aldiz, hamalau urte nituenean, hura baitzen nire desioa. Soldaduska bukatu bezain laster, Bartzelonako Antzerki Institutuan hasi nintzen, baina gerora musikak txikitako ametsa baztertu zuen. 

Noiz hasi zinen musikan, orduan?
Soldaduska Gasteizen egin ondotik Gironara itzuli nintzenean. Euskal punki koadrila interesgarri batek hiriko etxe bat okupatu zuen, eta inguruko musika taldeen kontzertuak antolatzen zituzten egunero. Haiekin hasi nintzen. Zoritxarrez, etxea hustu zutenean talde anitz desagertu ziren, eta horien hondarretatik sortu zen Sopa de Cabra. Orduan, astea Bartzelonan pasatzen nuen antzerkia ikasten eta asteburutan Gironara itzultzen nintzen, taldearen bat-bateko eromena iritsi zen arte.

Taldeagatik antzerkiari uko egin behar izan zenion.
Konturatu gabe institutuko ateak itxi zizkidaten asistentzia faltagatik, eta mundua gainera etorri zitzaidan. Jendeak erotu nintzela pentsatu zuen, hainbeste urtetako lana rock katalanaren aldeko apustu arriskutsuagatik ordeztu nuelako. Egia esan, momentu horietan ez nuen gauzak ulertzeko astirik izan...

Damu al zara hartutako erabakiarekin?
Gaur ez, baina momentu askotan bai. Nire lagunen estreinaldiak ikustera joaten nintzenean batez ere! Tripako min itzelarekin ateratzen nintzen antzokitik, eta etxera iritsi eta sekulako hutsunea sentitzen nuen.

Tira, sekula ez da beranduegi...
Noski ezetz! 70 urte betetzen ditudanean itzuliko naiz. Gaztea nintzenean eduki nuen lehen irakaslearekin hitz egin dut eta buruan ditudan ideiak elkarbanatu ditugu.

Ez dago gaizki. Sopa de Cabraren urterik oparoenetan pentsatu al zenuen halako ibilbidea egingo zenuenik?
Inolaz ere ez. 35 urte baino gehiago izatea gorpu bilakatzea zen niretzat. Ez nuen inoiz adin hori gainditzeko asmorik izan, eta 80ko hamarkadako toxikotasunak ekarri zuen gerrillan murgildu nintzen. Zoritxarrez, jende gehiegi galdu nuen bidean, eta munduak ez ninduen batere erakartzen.

Zein izan zen inflexio puntua?
Errealitatea geure esku dagoela konturatzea. Seguruenik Euskal Herrian soldaduska egin nuen garaian pasa nuen nire bizitzako garairik toxikoena, eta Gironara itzuli nintzenean, 1985ean, iritsi zen inflexio puntua. Musikaren eta kulturaren bitartez mundua eraldatzeko gai ginela ikusteak aldatu zuen guztia. Garai hartan erabaki nuen Bartzelonara antzerkia ikastera joatea, eta argi dut sormenaren aldeko apustua izan zela nire salbazioa.

Zure lana konpromiso sozialari lotuta egon da beti. Nola bizi duzu Kataluniaren prozesu berria?
Momentu aparta da zalantzarik gabe, eta arretaz bizi dut. Aldaketa beharra dagoela argi utzi du herriak, eta abian da dagoeneko. Dena den, ez da bide samurra. Espainiako Gobernuak trabak jarriko dizkigu alde guztietatik. Euskal Herriaren kasuan, ETA izan da betiko aitzakia, baina gure kasuan? Partidu Popularraren estrategiari ezin hobeki joango litzaioke hemen ere armak egongo balira. Bistakoa da aitzakia perfektua litzatekeela eurentzat.

Galdeketa debekatzeko gai ikusten dituzu?
Kontsulta debekatzen badute, goitik behera urratuko dute demokrazia. Inteligentzia apur bat edukiko balute, aldiz, estatu mailako erreferenduma deituko lukete nazioarteko iritzi publikoari begira, behintzat, hobeto gelditzeko. Baina tira, halakorik ez da gertatuko.

Eta zure iritziz, nola jokatu du Euskal Herriak prozesu katalanaren aurrean?
Euskal Herriaren erantzuna lotsatia izan dela pentsatzen dut, salbuespenak salbuespen. Seguruenik Kataluniatik mesfidantzarekin ikusi ditugu Euskal Herriko hainbat jarrera eta alderantziz, baina, orokorrean, bi herrien arteko anaitasuna falta dela uste dut. Euskal Herriak Kataluniak baliatu ez zuen errealitate ekonomiko pribilegiatuan igaro ditu azken urteak, eta horrek desberdintzen gaitu, Katalunian egoera ekonomiko larriak sustatu baitu gizartearen mobilizazioa. Edozein modutan, errealitate desberdinak ditugun arren, antzeko interesek batu beharko gintuzkete.

Kulturari dagokionez, anaitasunik ikusten al duzu?
Musikari eta artista jakin batzuen arteko harremana egon badago baina, zoritxarrez ez dago lotura sendorik. Nik, adibidez, kontaktua dut euskal musikariekin: Mikel Urdangarinen bandarekin Saharara joan nintzen eta Jabier eta Fermin Muguruza anaiekin ere zer edo zer egin izan dut. Gainera, Boikot taldearekin eta Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabelekin kolaboratu dut berriki, baina sinergia falta izugarria sumatzen dut, hurbiletik begiratzen diogu elkarri baina ez goaz batera.

Testuinguru honetan, zenbateraino zigortu du musika krisiak?
Krisiak gogor zigortu du sektorea, zalantzarik gabe. Oztopoak areagotu dira eta batek baino gehiagok ondorioak jasan behar izan ditu. Gure kasuan, talde gisa dugun konplizitateak gure alde jokatu du, borondaterik gabe konplikatua baita egungo egoeran aurrera egitea. Guztia dugu kontran, BEZetik hasi eta enplegu-erregulazioraino. Etenik gabeko gerran murgilduta gaude, eta legearen kontra jokatzera bultzatzen gaituzte. 

Rock katalanaren urterik oparoenetan diru laguntzak jaso izanagatik kritika gogorrak jaso zenituzten. Bidezkoa izan al zen?
Movida madrileña delakoak baino diru gutxiago jaso genuela ziurtatzen dizut. Informazioa boterea da, eta beronen hedapenak erabat baldintzatzen du guztia; horrexek kaltetu zuen gure ibilbidea. Azken bost urteetan Kataluniako Generalitateak kulturari emandako diru laguntzen inguruko informazioa publikoa izan dadin borrokan ari naiz ni. Gure kasuan, 1992an sortu zen ideia, Palau Sant Jordiko kontzertuaren harira. Eta Euskal Herriko taldeek laguntza ekonomikoak jaso zituzten garai hartan, inork kritikatu ez zituen arren. Baina tira, kultur aberastasuna eta garai hartako booma onartu nahi ez dituenari horixe besterik ez zaio geratzen.

Bukatze aldera, itzuli gaitezen datozen hilabeteetara. Birarik prestatu al duzue?
Martxoaren 21ean Bartzelonako Barts aretoan joko dugu eta 28an, aldiz, Gironan. Hasiera batean Herrialde Katalanetako antzoki eta auditorioetan ariko gara, eta udan, aldiz, musika aretoetan. Irailetik aurrera, berriz, Kataluniatik atera eta Hego Amerikan zer edo zer egiteko datak itxi nahi ditugu.

Bandarekin edo bikote gisa?

Bira osoa bandarekin egingo dugu, eta kanpora goazenean ere lauzpabost joatea da hasiera batean gure asmoa. Hala ere, konplizitatea badago bakarrik lortu daiteke hori, egun, krisiaren ondorioz, musikaz bizi nahi dugunoi ezinbestekoa zaigu borondatea.