Geolokalizazioaren aplikazioak

Iparrorratzaren ordez, satelite bidezko posizionatze globaleko sistemez hitz egiten dugu egun. GPS-a eta Informazio Geografikoko Sistema (IGS) gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dituzte, gero eta funtzio gehiagotarako.



Baturak tresna eta aplikazio berri eta ezberdinen garapena ekarri du eta, horien eskutik, informazio geografiko zehatzean oinarritzen diren geolokalizazio sistemak sortu dira.

Baina, zer da geolokalizazioa? Modu sinplean esateko, geolokalizazioak baliabide digital bat lokalizazio edo kokapen fisiko batekin lotzen du. Baliabide digitala argazki bat, bideo bat edo testu bat izan daiteke; eta kokapen fisikoa altitude eta luzera koordenadekin kalkulatzen da, munduko edozein txoko zehatz-mehatz markatzea ahalbidetuz.

Hori horrela, geolokalizazioa gero eta gehiago erabiltzen den eta gero eta gailu gehiagotan txertatzen den sistema da. Geolokalizazioa gorantz edota aurrerantz doan sektorea da, eta uste baino lehen nonahiko aukera bilakatuko da. Eta hori horrela delako, egun ere, oso eremu ezberdinetan aplikatzen den sistema da geolokalizazioarena. Hona zenbait adibide:

Turismoa:
arlo honetan aspaldi sartu zen geolokalizazioa. Mugikorra elementu turistiko bati begira jarriz, denbora errealean leku horren gaineko informazioa jasotzea ahalbidetzen du, baita lekuaren berreraikitze bat ikustea ere.
Segurtasuna: besokoa izan ohi da, genero indarkeria jasan, Alzheimer-a izan, edota bestelako egoera batzuk pairatzen dituzten pertsonei jartzen zaiena.

Trafikoa:
herritarren mugikorrak zunda pasibo gisa erabiliz, herritarren jatorri-helmuga patroiak aztertzen dituzte eta, hori oinarri, garraio sarearen dimentsionamendua hobetzen da.

Marketina:
herritar edo erabiltzaileak bere kokapen geografikoaren araberako eskaintzak eta beherapenak jasotzen ditu, modu horretan, enpresak bere eragin-eremuaren neurrirako pertsonalizazioa garatzen du.

Aplikazio posible horiez gain, ordea, sare sozialak dira geolokalizazioaren hurrengo erresuma. Mugikorrean Interneterako konexioa duten herritarren gehiengoak e-maila kontsultatu eta sare sozialen erabilera pasibo edo aktiboa egiteko erabiltzen du konexioa. Eta jada ez da nahikoa nor garen, zer dugun gustuko, zer egiten ari garen orain eta gero zer egingo dugun esatearekin. Orain, non gauden ere adieraz daiteke eta adierazten da, intimitatearen edo pribatutasunaren gaineko kezkarik gabe.

Sare sozialen eremu hori da, beraz, geolokalizazioak erabat konkistatuko duen hurrengo arloa. Egia da sare sozialen eskutik etorri zen pribatutasunaren auzia geolokalizazioaren garapena baldintzatuko duen faktorea dela. Baina egia da ere sare sozialak geolokalizazioaren eskutik doazela jada, etorkizuneko bidea pribatutasunaren errespetutik etorriko bada ere. Ikusi besterik ez dago zein azkar zabaltzen ari diren Foursquare, Facebook Places eta Gowalla.

Geolokalizazioa, hortaz, gero eta arruntagoa bilakatuko den sistema da. Baina, era berean, intimitatea eta pribatutasuna urra ditzakeenez, etsai asko ditu. Beste aplikazio guztiekin bezalaxe, ematen diogun erabilera da gakoa.

Segurtasuna eta pribatutasuna


www.inteco.es/file/TJpCHQpDUaI_jZcyjTYRlw
Espainiar Estatuko Turismo, Merkataritza eta Industria Ministerioak egindako "Geolokalizazio tresnen segurtasunaren eta pribatutasunaren inguruko gidaren laburpena".

Foursquare eta Gowalla


https://foursquare.com/
http://gowalla.com/
Geolokalizazioan oinarritutako sistemak dira, sare sozialei aplikatuta. Gailu finko edo mugikor baten kokapena detektatzen dute eta horren oinarrian funtzionatzen du sare sozialak. Zer egiten ari garen esateaz gain, zehatz-mehatz non gauden esatea ahalbidetzen du.