Generoa eta komunikazioa landuko dute Nortasuna Sarean jardunaldian

Komunikazio parekideagoa lortzeko gakoak zein diren azalduko dute

TaPuntu kooperatibak antolatutako Nortasuna Sarean jardunaldia martxoaren 3an egingo da aurten, Donostiako San Telmo museoan, 18:30etik 20:30era, Bistan da! Komunikazio parekidearen miopiak izenburupean. Adituen hitzaldi eta esperientziez osatutako mahai-inguruarekin, komunikazio ez sexista eta berdinzalerako bidean beharrezkoak diren gakoak bistaratuko dituzte.

Hainbat galdera jarriko dituzte mahai gainean: “Zein da generoaren eragina proiektuen komunikazioan? Zer egin dezakegu dauden miopiak zuzendu eta komunikazio parekideagoa lortzeko? Gai gara bistan dauden miopiak detektatzeko? Zein miopia existitzen dira jendarteko alor ezberdinetan?”.

Maider Galardi F. de Agirre ikerlari eta kazetariak eta Sorginlore elkartean berdintasun aholkularia den Assumpta Ayerdi Olaizola adituek parte hartuko dute jardunaldian.

Bestetik, mahai-ingurua ere izango da Arritxu Iribar Egaña (kirol kazetaria Euskadi Irratian), Josu Aztiria Urtaran (Orai NLP Teknologiak), Jone Amonarriz Zubeldia (AZK komunikazio eta publizitate agentzia) eta Tania Arriaga Azkaraterekin (EHUko Bitartez ikerketa taldea).

Hemen eman behar da izena jardunaldian parte hartzeko.