Gemini erabiltzea norbere maitearen itxura irudikatzeko
Adimen artifiziala etorkizuneko bikotekidea nolakoa izan litekeen jakiteko erabiltzen hasi dira.
Zenbaitek argi izaten du bere bikotekidea fisikoki nolakoa izatea nahiko lukeen, nahiz eta gero gerta litekeen bikotekideak buruan izandakoaren antz handirik ez izatea. Adimen artifizialak irudikatutakoarekin jolasteko aukera ematen du, eta nahi adina irudi sortzeko.
Azkenaldian zabaltzen ari den joera da Geminiren bidez bikotekidea irudikatzearena. Prozedura erraza da. Aplikazioaren edo web nabigatzailearen bidez plataforman sartu behar da eta Google-ren bidez saioa hasi. Hartara, bertan gordeko dira sortutako irudiak, eta edozein unetan begiratu ahal izango dituzu. Deskargatu ere egin ditzakezu eta ordenagailuan edo mugikorrean gorde.
Norbere burua "bikotekide ideal" horrekin irudikatu nahi izanez gero, norbere argazki bat igo behar izaten da. Horretarako, kalitate oneko argazki bat aukeratu behar da, aurpegia ondo ikusten dena. Ondoren, adimen artifizialari egin beharrekoa azaldu behar zaio. Formulatzeko modu bat baino gehiago dago, esaterako hauxe: "Pertsona hau bere bikotekidearekin agertzen den irudia sortu".
Xehetasun gehiago ere eman daitezke irudia sortzeko garaian: beste pertsonaren generoa, zer tokitan izatea nahi dugun, nola agertzea nahi dugun (eserita, zutik, elkarri helduta...), zer jantzirekin... Nahi beste pertsonaliza daiteke eskakizuna.
Emandako informazioa prozesatu eta irudia agertuko da denbora-tarte baten ondoren. Behin irudia izanda, deskargatu edo partekatu egin daiteke.
Jolas modura hartuz gero, dibertigarria izan daiteke, baina gainerakoan argi izan behar dugu ezin dugula irudi idealizatu baten ideia horretan geratu eta gizakiok gure bertute eta akatsekin garela ederrak. Hezur-haragizkoa digitalaren gainetik nagusitu behar da. Bestalde, jolastu lasai, hala nahi izanez gero, baina kontuan izan zure irudiak igotzen eta informazioa ematen ari zarela.