"Geldiezinak" proiektua emakume kirolarien lanari balioa emateko

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak “Geldiezinak” proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko helburuz. Proiektuak podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Europako Batasuneko Next Generation diru laguntzei esker jarri dute martxan proiektu hau. Kirolean dabiltzan edo ibili diren hamabi emakumeren testigantzak jasotzen ditu proiektuak, eta ikus-entzunezko piezetan eta podcast formatuko saioetan jaso dituzte. Korima Films ekoiztetxearen ardura izan da horiek ekoiztea. Bideoak hainbat lekutan ikus daitezke: ETB1eko Helmuga saioan, igandeetan, 11:30ean; Primeran plataforman —EITBrekin elkarlana du fundazioak—; eta baita Basque Teamen sare sozialetan eta Youtubeko kanalean ere. Podcasteko saioak EITB taldeko plataformetan egongo dira eskuragarri.

Berria egunkariak Elena Etxebarrietarekin, Basque Teameko komunikazio arduradunarekin mintzatu da eta berak argi utzi du honen helburua: “Datozen belaunaldientzako erreferenteak sortu nahi ditugu”. Horregatik, aipatutako bideo eta podcastez gain, umeentzako ipuinak ere sortu dituzte eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan banatzen ari dira. Paul Caballerok eta Ane Undurragak elkarlanean sortu dute liburua.

Etxebarrietak Berriari esan dionez, kirolarien aukeraketa egin behar izan zuenean harrituta geratu zen oso testigantza eta informazio gutxi topatu zuelako. Emakumezkoen kirol egokituko emaitzak begiratu zituenean, ez zuen ezer topatu. Ez zegoen emakume euskaldunen erregistro bat bera ere. Hauek dira Geldiezinak-en parte hartu duten kirolariak, belaunaldi eta kirol ezberdinetakoak: Ibone Belaustegigoitia, Maider Unda, Maialen Chourraut, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria, Sara Carracelas, Edurne Pasaban, Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburua.