Gaztezulotarron zirimola: abestiak

Gaztezuloko lantaldeko kideok azken egun eta asteetan behin eta berriz entzun ditugun abestien bilduma duzue hemen.

Ba al dituzu egun edo asteetan entzun eta etengabe buruan bueltaka izaten dituzun abestiak? Kateatu egiten zaituzte eta melodia zein hitz horien artean katramilatua geratzen zara, zurrunbiloan barneratua. Bada, Gaztezuloko lantaldeko kideok ere baditugu geureak. Hauek dira azken egun edota asteetan harrapatu gaituzten kantuak:

AGURTZANE GOMEZ
Chill Mafia - 31014
Musika estilo hori asko gustatzen ez bazait ere, abesti hau izugarri gustatzen zait. Azkenaldian mugikorrean musika ipintzen dudanean, hau aukeratzen dut lehenengo.

Justin Wellington - Iko Iko
Tik Tok-eko bideoetan askotan azaltzen zait eta sekulako martxa dauka. Alaitasuna ematen duen abesti horietakoa da, dantzatzeko gogoa sortzen dizuna.

GAIZKA IZAGIRRE
IDOIA - 25. artikulua
Lanorduetako soinu bandaren ezinbesteko bi abesti bilakatu direlako azken asteotan. Estres uneetan behar ditudan alaitasun zein lasaitasun dosiak eskaintzen dizkidaten bi kantu.

Phoebe Bridgers - Kyoto

 JAIONE DAGDRØMMER
girl in red - Serotonin
Azkenaldian sekula arreta deitu ez didaten estiloek harrapatu naute, izan C Tanganaren “El Madrileño”-k edo girl in red-en azken diskoak, eta bereziki norvegiarraren kantu itsaskor honek. Adimen irekiarekin musika entzunez plazererako aukera gehiago daudela berresteko, buklean entzuten dut azkenaldian.

Abereh - Zirrara hura
“Sinetsitako usteak usteltzen ikasten”, badirudi goiko testuan idatzitakoa berresten didala Abereh-k bere disko berriko kantu honetan. Kantu sotila da, gutxiago gehiago dela aldarrikatzen duten horietakoa. Besarkadak ukatuak izan zaizkigun honetan arnasgune sentikor eta zintzo bat.

 MAITANE LEGARRETA
Skakeitan - Eklipse
Abesti honek dantzarako gogoa pizten dit, baina harremanen inguruan hausnartzeko bide ere ematen dit: aldi berean elkarrengandik gertu eta urrun izateaz, inkomunikazioaz, ingurukoei nor zaren erakusteaz, sentimendu eta pentsamenduak elkarbanatzeaz...

Chica Sobresalto - Selección Natural
Maialen Gurbindok Ken 7ren Ilargia abestu zuen Operación Triunfo telebista programan Anne Lukinekin batera, eta horregatik izan nuen bere berri. Geroztik, Chica Sobresalto izenpean sortzen dituen abestiek liluratu egin naute; artistaren benetakotasuna eta zintzotasuna miresten ditut. Atzean geratzeaz eta bizirauteko beste batzuk atzean utzi beharraz dihardu kantu honetan.

NAGORE KOCH
Patxi Saez - Zorion Lore
Patxi Saezen Zorion Lore abestia. Oro har, disko osoarekin berraurkitu naiz. Galderez eta iluntasunez betetako garai honetan, lo goxoetatik esnatu eta haurren mundu miresgarria oroitzapen hutsa bihurtu zait. 

Siniestro Total - Bailare sobre tu tumba
Nerabezaroko nire abestietako bat da hau. Garai hartan, ez zegokionari kantatzen nion; orain, ordea, argi daukat nori kantatu. Eztarriko sokarik gabe geratuko naiz!