GAZTEZULOren gomendioak Liburuaren Nazioarteko Egunerako

Liburuaren Nazioarteko Eguna dugu, eta ospatzeko, urtea hasi zenetik GAZTEZULOn Maitane Legarretak gomendatutako liburuen zerrenda ekarri dizugu; zein aukeratuko duzu?

 

 Gotzon Barandiaran literatura eta musikaren arteko zubi-lanean arakatzen ibili da azken urteetan Rafa Ruedarekin batera, idazleen eta musikarien artean izandako elkarlanak aztertzen: gaitegian izandako aldaketak, garai historikoak, egileak... Emakumeek idatzitako testuekin oso kantu gutxi egin direla azpimarratu du Barandiaranek eta isildutakoen historia kontatzearen premia nabarmendu du, baita joera kontserbadoreak iraultzen hastekoa ere. XXI. mendeko kantagintzak ekarriko ote digu horrelakorik?
 
 
 
Irati Jimenezek Harkaitz Canoren hogeita zazpi ipuin bildu ditu antologia honetan, aurrez liburuetan, prentsan zein lan kolektiboetan plazaratutakoak. Narrazio hauen bidez, besteak beste, Canoren umorea, ironia fina, bihurrikeria, zorroztasuna, irudimena eta jakinduria suma daitezke, bere maisutasuna azken finean. Ipuingintza maite dugunontzat ezinbesteko irakurketa gozagarria. Irakurri eta ikas dezagun, lagun.

 

Bederatzi narrazio idatzi ditu Gorrotxategik liburu honetan, memoriaren presentzia dutenak euren baitan. Eguneroko bizitzan identifika ditzakegun egoera zehatzetan jarri du fokua baina atzean tragedia handiagoak sumatzen ditugu, dramatismorik gabe kontatzen diren arren. Etorkinak, lantokiko sexu-jazarpena eta euskal gatazka ditu,besteak beste, kontakizunen ardatzeko gaiak. Zeure esku dago ipuin hauek irakurtzea, eta baita eurak ahaztea ala ez ere. 
 
 
 
Nobelaren hasieran gertaera lazgarri baten berri izango du irakurleak: ama batek bere ume bikiak bainuontzian ito ditu eta umeen zaintzaileak topatu ditu ama eta bi gorpuak ohe gainean. Liburuaren protagonista erditzear dagoen emakume idazlea da, amatasunaren hastapenetan honen berri jakingo duena. Bi egoeren bateratzeak astinaldi handia emango dio, obsesionatu egingo da gaiarekin eta ikertu egin nahiko du, amatasuna ulertzeko ahaleginetan.
 
 
 
 
Bell Hooks idazle, irakasle eta aktibista sozialak Ipar Amerikako mugimendu feminista aztertu zuen, hainbat alorretan fokua jarrita: gorputza, lana eta familia, sexu askatasuna, soldata parekidetasuna, indarkeria, arraza, klasea eta abar. Feminismo erradikalera lerratzen du bere burua, patriarkatu kapitalista deuseztatu eta egiteko eta izateko beste modu batzuk bilatzeko bide bakartzat baitu. Argi utzi nahi izan du feminismoak emakume, gizon zein umeak askatuko gaituela, denontzat dela onuragarria. Liburu hau irakurtzea abiapuntu ona da askatasunerako bidean. 
 
 
 
 
Hamaika urteko neskatoa ingeleseko kanpalekuetara joan da bere gorputza pubertateko aldaketekin hasi berritan dela. Ez da egoera berrira ohitu oraindik eta deseroso sentitzen da. Kanpamentuko monitoreetako bat berarengana gerturatuko da, gero eta maiztasun handiagoz, eta irakurleak sumatuko du istorioaren garapena zein izango den, protagonistak arrastorik ez izan arren. Agirrek, hitzez adierazi ordez, erakutsi egiten du, sotiltasunez eta dotoreziaz, Sara Moranteren ilustrazio ederren laguntzaz.
 
 
 

Bigarren liburu poema kaleratu berri du idazle berastegiarrak, 2012n argitaratutako Des egiten obraren ondotik. Jauzia nabari da orduko lan hartatik hona, bizi esperientziek hazitakotik mamitutako poemak baitira. Amatasunaz, maitasunaz, erakargarri sentitzeaz, bikote harremanaz, belaunaldi arteko ikuspuntu-talkez, gizakion animaltasunaz eta beste hainbat konturi buruz idatzi du Gorostarzuk. Poema bakoitzak utziko dizu arrastoa eta nahi beste eman: zer sentitu eta zer pentsatu.

 
Antzerki obra honetan ikusezintasuna da protagonista. Aretozain batek Aire ikusezina filmaren proiekzioa eten du bera ikusgarria den ziurtatzeko. Izan ere, amak ikusezina dela aitortu dio. Galdeketa bati egin beharko dio aurre ordea eta ama desagertu egin ote den zalantza sortuko da, baita berak desagerpenean zerikusirik duen ere. Amets galduez, amatasunaz, elkarri begiratu eta elkar ikusteaz egin du gogoeta Guillenek obra misteriotsu eta erakargarri honetan. Gauza bakarra falta zaio: aktoreen laguntzaz bizia ematea istorioari.