GAZTEZULO Lesbosera Zaporeak-ekin batera!

GAZTEZULO Lesbosera Zaporeak-ekin batera! Zaporeak proiektuaren helburu nagusia Lesbos uharte greziarrean dauden 3.000 lagunei egunero jaten ematea da. Horretarako, bertan sukaldea eraiki du eta boluntarioen laguntzaz, egunero bazkari duina banatzen dute behar handiko pertsona errefuxiatuen artean. Ekainaren 2 eta 6 bitarte GAZTEZULOko Gaizka Izagirre zuzendaria eta Galder Izagirre argazkilaria bertara bidaia egingo dute proiektuaren egunerokoa ezagutu eta errefuxiatuen egoera ezagutzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gaztezulo-lesbosera-zaporeak-ekin-batera/@@download/image/LESBOSGAZTEZULO.jpg
2019/05/27
Zaporeak proiektuaren helburu nagusia Lesbos uharte greziarrean dauden 3.000 lagunei egunero jaten ematea da. Horretarako, bertan sukaldea eraiki du eta boluntarioen laguntzaz, egunero bazkari duina banatzen dute behar handiko pertsona errefuxiatuen artean. Ekainaren 2 eta 6 bitarte GAZTEZULOko Gaizka Izagirre zuzendaria eta Galder Izagirre argazkilaria bertara bidaia egingo dute proiektuaren egunerokoa ezagutu eta errefuxiatuen egoera ezagutzeko.
GAZTEZULO Lesbosera Zaporeak-ekin batera!

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da Zaporeak, eta Greziara iristen diren errefuxiatu guztiei elikagai duina, osasungarria eta elikagarria ematea du helburu nagusia. Elkartearen zeregina da janariaren bidez duintasuna eskaintzea, nutrizio aldetik orekatuak diren otorduak prestatuz, Grezian errefuxiatu zelaien barruan eta inguruko kokalekuetan pertsona errefuxiatuentzat.

Urte hauetan zehar, Zaporeak-ek 700.000 bazkari baino gehiago banatu ditu, bidalitako 650 janari palet baino gehiagoekin eta sukalde lanetan aritu diren 500 bolondres baino gehiagoren laguntzaz.

SUKALDEA

2018. urteko azaroan Zaporeak-ek Lesboseko sukaldea jartzeko etxearen kontratua sinatu zuen eta, bolondres talde baten laguntzaz, eraikinaren egokitze lanetan hasi ziren. Hauxe sukaldearen planoa:

Hiru hilabetez lanean buru belarri aritu ostean, 2019ko otsailaren 11n Zaporeak-ek sukaldeko sua piztu zuen, lehen 1.300 otorduak prestatzeko. Une honetatik aurrera, 7 boluntarioz ostatutako taldeak lanean hasi ziren sukaldean hiru astetako txandak eginez eta eguneko 1.500 otordu prestatuz.

Geroztik, otorduak prestatu dituzte etengabe Lesbosen. Euskal Herrian ere lanean ari dira, helburu dituzten 3.000 otorduak prestatzeko beharrezko baliabideak lortzeko.

BIDAIA

Zaporeak-ek kudeatuko duen bidaiari esker eta gazteak erakartzeko helburuz, ekainaren 2 eta 6 bitarte GAZTEZULOko Gaizka Izagirre zuzendaria eta Galder Izagirre argazkilaria bertara bidaia egingo dute proiektuaren egunerokoa ezagutu eta errefuxiatuen egoera ezagutzeko. Beraiekin batera gainera, GAZTEAko ordezkari izango den Joseba Sacristanek ere irrati-uhinen bitartez entzule gazteak erakartzea izango du xede.  Guztia kudeatzeaz eta antolatzeaz arduratuko dena Oraitz Gartzia (Zaporeak) izango da.

Lau egun horietan, proiektu honen egunerokoa ezagutzeko aukera izango dute eta boluntarioen testigantzak biltzeaz gain, irrati, telebista, aldizkari eta sare sozialez baliatuz, helburu nagusia, errefuxiatuei ahotsa ematea izango da. 

EGOERA

Europar Batasunak eta Turkiak 2016ko martxoaren 20an sinatutako hitzarmenaz geroztik, Greziako irletan asilo eskaerak bideratzeko guneak egokitu ziren, pertsona errefuxiatuak irletara joatea derrigortuz. Asilo eskaeren prozedurak luzeak eta neketsuak izan ohi dira eta, ondorioz, errefuxiatuak zelaietan pilatzen doaz, gutxi batzuk dira ateratzeko aukera dutenak. Ondorioz, errefuxiatu zelaiak gainezka daude eta errefuxiatuek zer jatekoa lortzeko eragozpenak izan ohi dituzte. Grezian dauden 70.000 pertsona errefuxiatuetatik 17.000 uharteetan kokatzen dira.

Lesboseko Moria errefuxiatu zelaian egoera larria da. Izan ere, 2.000 pertsonentzako egokitua dagoen zelaian 5.000 pertsona errefuxiatutik gora bizi da, ia erdiak adin txikikoak direlarik. Asilo eskatzaileek jatekoa nekez lortzen dute eta euren elikadura murritza da. Eradoskitzen ari diren emakumeek ez dute euren haurrak elikatzeko adina elikagai jasotzen eta hazten ari diren haurrek ere elikadura gabeziak dituzte, besteak beste.