Gazterik ez
Aste Santua gertu dugu. Zuetako zenbatek joan behar du mezetara? Inor gutxik. Izan ere, gaur egun, gazte gehienek ez dute elizkizunetan parte hartzen. Halaxe diote inkestek. Zergatik, ordea?
Euskal Herriko gazte gehien-gehienak ez dira elizara joaten. Katolizismoaz gain, beste erlijio batzuk ere badira gure artean, baina dena den, oso fededun gutxi dituzte. Beraz, Eliza Katolikoari buruz ariko gara. Inkestek behin eta berriro diote: erlijioak ez ditu gazteak erakartzen.
Eustat erakundeak Euskal Autonomia Elkartean 15 eta 19 urte bitarteko herritarren artean egindako azken inkestak dioenez, hamar gaztetatik lauk fedegabetzat dute euren burua. Beste datu bat. Javier Elzo soziologoaren ikerketaren arabera, mezetara astean behin joaten diren gazteak %9 inguru besterik ez dira EAEn eta zertxobait gehiago Nafarroan, %11. Hego Euskal Herrian gazte gehienek ez dute eliza zapaldu ere egiten, baina ezberdintasunak badira: Nafarroan hamarretik bost ez dira ia inoiz elizara joaten eta EAEn hamarretatik zazpi. Ez dugu Ipar Euskal Herriko daturik biltzerik izan, baina ez dirudi errealitatea oso bestelakoa denik.
"Euskaldun fededun" garai bateko esaerak bereak egin omen du. Duela 40 urte Euskal Herrian inguruko herrialdeetan baino jende gehiago joaten zen mezetara. Horrez gain, zaila zen apaizarik, mojarik edo misiolaririk gabeko familiarik topatzea gurean. Zergatik horrenbesteko aldaketa?
Javier Elzo soziologoaren esanetan, Euskal Herrian ezezik, beste toki askotan ere gauza bera gertatzen ari da. Hiru arrazoi eman dizkigu Elzok. Batetik, erlijioak garrantzia gutxiago du gizartean eta komunikabideek, esaterako, ez dute gai hau jorratzen eta jorratuz gero, zaharkitutzat aurkezten dute. Bigarrenik, egungo gazteen guraso gehienentzat erlijioak ez du garrantzirik, eta gurasoena denez seme-alabak gizarteratzeko ardura nagusia, katea nolabait hautsi da. Azkenik, Eliza oso kezkatuta dago arauak ezartzearekin eta arauok zerikusi gutxi dute gazteen eguneroko praktikekin, sexu harremanetan, adibidez.
Dena den, Elzoren ustez, Hego Euskal Herrian behintzat, berezko faktoreak ere badira. Faktore horien artean, frankismoaren eta Elizaren arteko lotura, eta ETA eta ENAMen eragina aipatu ditu: "soziologiak emandako datuen arabera, gaur egun Ezker Abertzalea da, talde txiki batzuk alde batera, katolizismoaren dimentsioarekin talderik kritikoena".
Sabino Aiestaran soziologoak Eliza gizartean nagusi den kulturatik urrun dagoela uste du: "Gizartean garrantzia handia ematen zaio pertsonaren garapenari. Hala ere, Elizak, batez ere oraingo Aita Santuarekin, ez du hori hainbeste kontuan hartzen, oso kolektibista da". Aiestaranen esanetan, Elizak aldaketa handia behar du eta barne egituraketan, demokrazia gehiago.
Baina, zer diote mezetara joaten diren gazteek? Donostiako Xabierrek esan digunez, Jainkoan sinesten du eta horrexegatik joaten da elizara. Hala bada, ordea, beste erlijio bateko kide izan litekeela esan diogu. "Egia da, baina gurasoengandik ohitura hori jaso dut. Hala ere, nire ustez, erlijio gehienak, funtsean, oso antzekoak dira, eta alde onak eta txarrak dituzte. Beraz, marokoarra izango banintz, beharbada musulmana izango nintzateke", adierazi digu Xabierrek. Mezetara joateak ez du esan nahi gai guztietan Elizarekin ados dagoenik: "Ez, nire ustez, gaur egun Elizaren agintariak oso kontserbadoreak dira, batez ere sexu kontuetan. Dena den, mota guztietako jendea dago Elizan eta baita iritzi ezberdinak ere".
Maria iruñearra ere ia-ia igandero joaten da mezetara. "Dena den, batzuetan huts egiten dut. Nire ustez, garrantzitsuena ez da mezetara joatea, Kristok erakutsitako bidea jarraitzea baizik. Horregatik, eguneroko bizimoduan gertuago egon ninteke Eliza zapaldu ere egiten ez duen batengandik".
Bai Mariak, bai Xabierrek gaur egun mezetara oso gaz-te gutxi joaten dela ai-tortu digute. Hala ere, gazte gehienak sinesdunak direla uste dute. "Baina jendeak esan edo egiten duena alde batera", dio Mariak, "nork bere ideiei eutsi behar die".
EAEko gehienak, fededunak
Eustatek EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei fededunak ala edegabeak diren
galdetu zien, Euskadiko Gazteak 2000 ikerketan. Hona hemen emaitzak.
Mutilak | Neskak | Guztira | |
Fededuna | 51,8 | 62,5 | 57 |
Fedegabea | 44 | 33,3 | 38,8 |
Ez daki/ez du erantzun | 4,2 | 4,2 | 4,2 |
Munduko erlijio nagusiak
Kristauak | 1.869 milioi |
Musulmanak | 1.014 milioi |
Hinduak | 751 milioi |
Budistak | 334 milioi |
Noiz joaten zara mezetara?
Espainia | Galizia | Katalunia | Nafarroa | EAE | |
Astean behin baino gehiago | 1.2 | 1.3 | 0.4 | ------ | ----- |
Astean behin | 10.9 | 13.2 | 3.8 | 11.3 | 8.6 |
Hilean behin | 8.8 | 20.1 | 6.2 | 1 | 7.6 |
Gabonetan eta Aste Santuetan | 13.6 | 7.7 | 11.6 | 12.4 | 10.7 |
Erromeriak, konfirmazioak, peregrinazioak... | 10 | 27.4 | 7.2 | 21.7 | 3 |
Konpromisoak | 7.7 | 0.9 | 21.7 | 6.2 | 2 |
Inoiz ez/ia inoiz ez | 53.4 | 29.5 | 57.1 | 51.5 | 70 |