Gazteentzako poesia lehiaketa martxan

35 urte azpiko idazleek har dezakete parte euskarazko poema bilduma sortzeko DK Poesia lehiaketan. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu eta bere lana argitaratuko dute.

Donostia Kulturak Balea Zuria argitaletxearekin batera antolatzen duen DK Poesia Lehiaketak euskarazko olerkigintza zabaldu eta idazle gazteei bultzada ematea du helburu. Hain zuzen ere, 35 urte azpiko idazleei zuzendua dago lehiaketa. Deialdi honetara poesia bildumak aurkez daitezke, euskaraz eta bakarka idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak.

Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Bordak osatuko dute epaimahaia eta 2022ko martxoaren 21ean jakinaraziko dute irabazlea. Garaileak 1.000 euro eta Imanol Larrinagaren margolana jasoko ditu. Horretaz gain, Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du idazlana epaimahaikoek onespena ematen dutenetik lau-bost hilabeteko epean. Gainera, irabazlea Poesia eta Pentsamendua errezitaldian parte hartzera gonbidatuko dute. 

Lanak emailez aurkeztu beharko dira dkpoesialehiaketa@donostia.eus helbidean eta abenduaren 31a izango da azken eguna. Alde batetik, poema bilduma aurkeztu beharko da, egilea nor den jakitera eman dezakeen daturik gabe, eta, beste aldetik, sortzailearen datuak jasotzen dituen agiria. Lehiaketaren oinarriak Donostia Kulturaren webgunean kontsulta daitezke.

Aurreko edizioetako irabazleak Estibaliz Martinez Diaz de Cerio, Gorka Salces, Lizar Begoña eta Maialen Berasategi Catalan izan dira.