Gazteen ikerlana sustatzeko 'Gazteartean' bekaren deialdia egin dute

35 urte baino gutxiagoko gazteek har dezakete parte, eta haur, nerabe edota gazteen arloko ikerketa-proposamenak bidali behar dira urriaren 24ra bitarte.

GazteARTEan-ek, Irungo Udaleko Gazteria Sailak, 35 urtetik beherako gazteentzako haur, nerabe eta gazteen arloko beka antolatu ohi du, herritar gazteen artean ikerlana sustatu eta bultzatzeko asmoz, eta baita udalaren eta gazteen artean lankidetzarako bideak irekitzeko ere. 

Haurrak, nerabeak edota gazteak gai nagusitzat hartuko dituen ikerketa-ekintzako proiektu bat garatu beharko da. Ikerketak gehienez zortzi hilabeteko iraupena izango du eta 8.000 euroko laguntza ekonomikoa. Azken emaitza hainbat formatutakoa izan daiteke: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgazio-materiala, lankidetza, partaidetza edo sormen-prozesuak…). Irungo gazteen parte-hartze zuzena eta aktiboa barne hartzen duten proposamenak balioetsiko dituzte. 

Bertan parte hartzeko nahitaezkoa izango da unibertsitate gradua edo lizentziatura izatea. Banaka edo taldeka aurkez daiteke, eta taldeka eginez gero, ikerlanaren zuzendari arduraduna izendatu beharko da. 

Proposamenak urriaren 24ra arte aurkez daitezke, fisikoki zein online. Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: gehienez hamabost orrialde dituen memoria laburra, izenburua, kontzeptua, gaia, planteamendua, helburuak, metodologia, denbora-kronograma eta ikerketaren baliabideak zehaztuz;  unibertsitate titulazioa, harremanetarako datuak, curriculuma eta nortasun agiriaren fotokopiak; eta bereziki baloratuko den material osagarria, hau da, irudiak, bideoak zein bestelako balibideak.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.