Gazteen ideiak aurrera eramateko 'Haziak' lehiaketa martxan da Gasteizen

Alor eta mota ugaritako proposamenak aurkez daitezke, maiatzaren 6ra bitarte. Proiektu irabazleek laguntza tekniko eta ekonomikoa jasoko dute.

Gasteizko Udalak ideia gazteen Haziak lehiaketaren hamargarren ediziora abian jarri du, Gazteizen bizi, lan egin edota ikasten duten 14 eta 30 urte bitarteko gazteek egindako ideiak aurrera eramaten laguntzeko. Lehiaketa honen helburua parte-hartzaileek beren proiektuak aurrera eramatea da, eta horretarako beharrezkoak diren laguntza eta baliabideak eskaintzen zaizkie.

Era guztietako ideiak aurkez daitezke: tailerra, topaketa, sorkuntza espazioa, horma-irudia, proiekzioa, emanaldia, ikus-entzunezkoa, film laburra… Alorrak ere orotarikoak dira: kultura, kirola, osasuna, ingurumena, sorkuntza eta berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez-formala, aisialdi hezitzailea, elkartasuna, kulturartekotasuna, berdintasuna, euskara... beti ere gazteentzat eta udalerriarentzat interesgarriak badira.

Haziak ideia gazteen lehiaketa hainbat fasetan garatzen da. Proiektuak jaso ondotik, lan saio kolektiboa izango da. Bertan lehiaketara aurkeztu diren pertsonek elkar ezagutu eta besteen ideien berri izango dute, eta bide batez, proiektuek hainbat ekarpen jaso ahal izango dituzte. Saio hau maiatzaren 13an egingo da. Saioaren ondoren, nahi izanez gero, taldeek proiektua berridatzi dezakete eta berriz ere aurkeztu ahal izango dute, gehienez ere lau eguneko epean. Behin betiko proiektuak aurkeztu ondoren, epaimahaiak  epaia ekainean emango du, Gasteizko Udalaren web orrian

Ideia irabazleek beka ekonomikoa jasoko dute eta zenbateka proiektu bakoitzaren beharren arabera esleituko da. Dena den, ezin izango da 3.000 eurotik gorakoa izan. Epaimahaiak honako hauek hartuko ditu kontuan hautaketa egiteko garaian: ideiaren zehaztasuna, argitasuna eta laburtasuna; genero berdintasuna txertatzea; euskararen agerpena; aniztasuna eta kulturartekotasuna; Gazteria Zerbitzuaren helburuen egokitzapena; originaltasuna eta izaera berritzailea; taldeko ideia izatea; gasteiztar gazteei proiektuan parte hartzeko aukera ematea; ideiaren bideragarritasuna, giza baliabideei, baliabide ekonomikoei eta materialei dagokienez; eta ideiaren komunikazio eta zabaltze estrategia.

Maiatzaren 6ra arte bidal daitezke proiektuak haziak@vitoria-gasteiz.org helbide elektronikora. Oinarriak hemen eskura daitezke. Edozein zalantza izanez gero, email helbidean edo Haziak-Bulegoan kontsulta daiteke. 

Gazteria Zerbitzuak sustatutako lehiaketa honen hamar edizioetan 200 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik 100 baino gehiago izan dira gauzatu direnak.