Gazteen Antzerki Topaketan izena emateko epea zabaldu dute

14 urtetik 30era bitarteko gazteek martxoaren 10era arte aurkez ditzakete antzezlanak.

Donostiako XXXIV. Gazteen Antzerki Topaketa maiatzean eta ekainean izango da. Ekimen honek hainbat helburu ditu: gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea, bai antzezle eta bai sortzaile moduan, eta baita ikusle moduan ere, era horretan antzerkira joateko ohitura bultzatu eta kultur ekitaldi horiekin gozatzea sustatzeko. Gainera, gazteak euren sormen prozesuan aurrera egin dezaten motibatzea ere bada xedea, eta haien kultur ekoizpenaren zabalkundea egitea.

Deialdian parte hartzeko nahitaezkoa da talde ez-profesionala izatea eta partaideek 14tik 30 urtera artekoak izan behar dute. Bi kategoria daude lehiaketan, juniorra, 14tik 18 urtera artekoena, eta seniorra, 18tik 30erakoena.

Antzezlanak euskaraz zein gaztelaniaz izan daitezke, eta gutxienez 30 minutu eta gehienez 90 minutuko iraupena izango dute. Antzezlanak aretoetako ezaugarri teknikoetara egokitu beharko dira, eta muntaketa baldintzek egokiak izan beharko dute.

Donostiako agertoki nagusietan izango dira emanaldiak: Kutxa Kultur kluban, Antzoki Zaharrean, Lugaritz Kultur Etxean, Gazteszenan, Victoria Eugenia club aretoan eta Kontadores Gazte Zentroan. Gainera, Kontadoresen entseguak egiteko aukera izango dute lokalik ez dutenek, eta Topaketatik kanpo haien antzezlanak aurkeztu nahi dituztenek ere eskura izango dute espazioa.

XXXIV. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartu nahi duten taldeek eskaera inprimakia bete beharko dute, eta martxoaren 10a baino lehen gazteria@donostia.eus posta elektronikora bidali,  antzezlanaren argazki adierazgarri batekin batera. 

Epaimahaia hiru pertsonek osatuko dute, eta antzerki emanaldi guztietara joandakoan sariak nori eman erabakiko dute. Kategoria bakoitzean honako hiru alor hauei emango zaie saria: obrarik onena, talde artistirikorik onena, eta taularatzerik onena. Bakoitzak bi antzerki emanalditara joateko sarrerak irabaziko ditu. Gainera, kategoriako irabazle guztiek profesional talde batek eskainitako trebakuntza jasoko dute.

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.