Gazteen ahotsa zabaltzen

Gazteek plaza apropos gutxi izaten dituzte elkarrekin euren kezken, hausnarketen eta bizipenen inguruan aritzeko, eta gero eta gehiago dira hutsune hori betetzeko sortzen ari diren proiektuak.

Behin baino gehiagotan leporatzen zaie gazteei euren zilborarri eta sare sozialei begira besterik ez direla bizi, eta bost axola zaiela inguruan edo gizartean gertatzen dena. Gazteek sortu edota eurak protagonista dituzten hainbat proiektuk kontrakoa frogatu dute, ordea. Jakin Fundazioak eta Elkar argitaletxeak bultzatutako Geruzak egitasmoa feminismoa, soziolinguistika eta pentsamendua gazteen artean lantzeko asmoz jaio da. Ikus-entzunezko sei atal egin dituzte, Lander Garro idazle eta zinemagileak zuzenduak, eta honako gai hauek jorratu dituzte bakoitzean: desira, sormena, askatasuna, boterea, ondo bizitzea eta taldetasuna. Jatorri eta profil ezberdinetako hamar gazte elkartu dituzte, bi taldetan, eta gai horien inguruko euren arteko elkarrizketak jaso dituzte, beren bizipenak, pentsamenduak, kezkak, usteak eta hipotesiak azken finean.
Proiektuan parte hartu duten gazte horietako bi izan dira Maialen Arteaga zornotzarra eta Unai Ribera donostiarra. Biek aipatu dutenez, patxadaz gai jakin horien inguruan hausnartzeko aukera eman die Geruzak-ek eta esperientzia aberasgarria izan da haientzat. “Beti presente dauden gai transzendental batzuk dira, baina inoiz ez dira hausnartu modu kolektiboan, lasai jesarrita eta denbora hartuta, buelta batzuk emanez. Hasieran aipatu nien ez nekiela oso iritzi garaturik nuen gai horien inguruan, baina esan zidaten asmoa gure posizio eta bizipenetatik ardatz ezberdinak eskaintzea eta hausnarketa egitea zela, erantzunak bilatu baino, galdera berriak sortzea”, azaldu du Arteagak.
Egokitutako gaien inguruan aurrez norbere kabuz gogoeta pixka bat egin izan arren, taldean eztabaidatzean esperientzia guztiz bestelakoa bilakatzen dela uste du Arteagak. “Pentsatutakotik esan nuen horretara amildegi oso bat dago. Zure hausnarketak kolektibizatzen dituzunean, besteen ikuspuntuek ere baldintzatzen dute zurea. Zure zutabea jausi egiten da, neurri batean, eta agian beste norabide bat hartzen du”. Zornotzarraren iritziz, parte hartu dutenenen aniztasunak ere lagundu du eztabaida horren mamian: “Gai hauei buruz hitz egiten denean antzeko posizioan dagoen jendearekin izan ohi da, kuadrillakoekin, etxekoekin, familiakoekin… Beharbada ez dut izan aukerarik beste posizio batean kokatzen den gazte baten perspektiba jasotzeko, ez bada espresuki militantzia eremuan. Baina nork hausnartzen du, gaur egun, desiren inguruan berarengandik urrun dagoen subjektu batekin? Guztiz baldintzatzen dute norberaren lurraldeak, generoak, ikasketek, militantzia eremuak, denak… Aberasgarria izan da alde horretatik, kontua ez zen elkarri arrazoia ematea, baizik eta hitz edo ideia beraren aurrean bakoitzak zer ikuspegitik begiratzen zuen ikustea. Ez ginen ondorio edo irakaspen argi batzuekin itzuli, baina gako batzuk atera ziren eta meloi batzuk zabaldu ere bai, beste hausnarketa batzuk abiarazi ditzaketenak”.

“Zure hausnarketak kolektibizatzen dituzunean, besteen ikuspuntuek ere baldintzatzen dute zurea. Zure zutabea
jausi egiten da, neurri batean, eta agian beste norabide bat hartzen du”

Riberaren ustetan, euren ikuspuntua zabaltzen lagundu die bizipenak partekatzeak: “Oso ohituak gaude geure marko zurrunera eta beharrezkoa da beste batzuen egoera ulertzea, gure marko horretatik ateratzeko eta errealitatea laua ez dela ikusteko. Euskararen lanketa bigarren mailako lanketa bat dela pentsa dezaket, niretzat erraza izan delako euskaraz ikastea eta euskaraz harremanak izatea. Baina Tuterako pertsona batek esaten dizu hori ez dela erreala berarentzat, euskararen errealitatea edo egoera soziolinguistikoa nirearekiko oso desberdina delako. Ni Donostian jaio naiz, ikastolara joan naiz, ama hizkuntza euskara dut eta bizitza euskaraz eraiki dut, erraztasun guztiekin, baina Tuterako pertsona batek, adibidez, oso mugatua du. Pertsona honek ezin izan du euskaraz bere bizitza eraiki, nik eraiki ahal izan dudan bezala. Teorizaziotik baino, bakoitzaren esperientziatik lantzea oso aberasgarria izan da”.
Elkarrizketetarako konfiantza espazio bat sortze aldera, grabaketak egiterakoan talde bakoitzeko kideak, bere aldetik, egun pare batez elkartu zituzten Asteasuko eta Ondarroako aterpetxeetan eta inguruetan. “Etxean bezala, konfiantzan eta oso libre” sentitu zirela nabarmendu dute, eta euren arteko loturak ere berehala sortu zirela. Espazio seguruak izateak prozesua baldintzatzen dutelakoan daude, eta honelako elkarrizketak izateko espazioen falta sumatzen dute. “Atera dudan ondorioetako bat izan da bizitza oso azkar doala eta ez dagoela denborarik bizitzeko, denbora gutxi hartzen dugu gure egunerokoan hainbeste pisu duten gauzei buruz modu kolektiboan hausnartzeko. Denbora behar da, lasaitasuna, eroso egotea, eta espazio seguruan izatea. Eta hori zoritxarrez ez da askotan ematen. Gazte izateak ere badakar espazio horien falta izatea. Agian beste adin batzuetarako badaude beste politika batzuk, eskaintzen dira beste espazio batzuk. Gazteok ikasten ari garenean, aldi berean lanean, datorren etorkizun ezaren aurrean alternatibak sortu nahian, oso zaila da patxada hartzea eta benetan gauza hauen inguruan hausnartzea”, adierazi du Arteagak. Espazioen falta gazteen interes ezarekin nahasten dela iruditzen zaio Riberari: “Oso hedatua dagoen gazteekiko kriminalizazio edo estigma bat eraikitzen da; gazteok ez dugula hitz egiteko gaitasunik esaten da, ez dugula gai soziopolitikoen eta soziolinguistikoen inguruan hausnartzeko beharrik edo nahirik, eta ez da hala. Oso positiboa da espazioak sortzea, batez ere estigma hori deseraikitzeko”.
Ikus-entzunezkoak webgunean eta sare sozialetan zabaltzen ari dira pixkanaka, eta aurrez aurreko estreinaldiak ere ari dira egiten. Durangoko Azokako Irudienean estreinatuko dute, abenduaren 9an, askatasunaren inguruko atala. Aurkezpenetan gazte asko bildu direla azpimarratu dute eta jakin-mina piztu duela. Sortutako edukiaren garrantziaz ere orain ohartu direla kontatu du Arteagak: “Ikus-entzunezkoaz gain, lantzeko materiala ere sortu dute, kaierak, eta guk esandako aipu batetik edo hausnarketa txiki horretatik zenbat azkura eragin daitekeen eta zenbat hausnarketa berri atera daitezkeen hezkuntza esparru batzuetan… Grabatu genuenean agian ez ginen jabetu zer gauza handia egin dugun. Era berean, konturatu gara zenbat aldatu den norbera grabatu genuenetik, eta urtebetean zenbat aldatu daitekeen pertsona bat, gertatzen diren gauzen arabera. Horrek berak erakusten du gure pentsamendua, gure posizioa, gure ikuspegia ez dela finkoa, oso dinamikoa dela, eta etengabeko garapenean dagoela”. Erabilera ugari ikusten dizkio materialari Riberak: “Hezkuntzan ikasleekin lantzeaz gain, gazte mugimenduetan, unibertsitatean, helduagoak diren gazteekin jorratzeko ere balio du. Oso proiektu interesgarria da eremu horietarako”.



KLAK Gazte Ahotsa: plazak astintzeko gogoz
Gazteek gazteentzat sortzea du helburu KLAK Gazte Ahotsak proiektu komunikatiboak, gizartearen begirada kritiko bat izan eta Euskal Herriko plazak astintzea, gai tabuak azaleratuz. Azkenaldian hedabide eta erakundeen artean “gazteria erakartzeko obsesio moduko bat” zabaldu dela uste dute, eta hedabideen formatu zaharrek ez dutela bat egiten gaur egungo gazteen kontsumo moldeekin. Gainera, gaur egungo “gazteriaren kontzientzia astintzea” ere beharrezkotzat jotzen dute, izan hizkuntza aldetik zein kritikotasunetik. Hala ere, KLAKeko kideek argi utzi nahi izan dute ezin direla gazteriaren atentzioa lortzeko lehian aritu, diru gehien duenak irabazten baitu: “Sortzen ditugun proiektuak babestu eta indarrak batzeko ariketa bat egitea premiazkoa dela uste dugu, beti ere gazteriaren autonomiaz egingo diren horiek. Eta noski, zintzotasunez jokatu, aurpegi-garbiketarik egin gabe eta gazteon ahotsa kate-motzean, kontrolpean, mantentzeko intentziorik gabe. Hori bermatzeko modurik onena komunikazioan ere gure kabuz antolatzea dela uste dugu”.
Gazteak ahaldundu eta euren ikuspegia erdigunean jartzea beharrezkotzat jotzen dute, eta baita gazte taldearen hetereogeneotasuna islatzea ere, ikuspegi kritikoz eta hausnarketa sustatuz. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaie proiektu komunikatibo bat izatea: “Azken urteotan, sareak gazteon formakuntza iturri nagusi bilakatu dira, informazioa boterea baita eta baita informatzen duena izatea ere. Gazteok hegemonia bat dugu parean kontra egiten, gure bizitzak suntsitzen. Uste dugu hegemonia horren aurka lehiatzeko tresna garrantzitsua dela komunikazio proiektu bat, kolektiboki aurre egiten baitio panorama kulturalari. Bestelako mundu bat pentsatu eta irudikatzeko tresna da berau, baina baita garen hori azaleratu eta aldarrikatzeko ere”.
Bazterrean dagoen gazteen ahotsa erdigunera ekartzeaz gain, euren errealitatea den bezalakoxea plazaratzea eta berau problematizatzea nahitaezkoa dela uste dute: “Gazteon errealitatea prekarizatua da gaur egun, eta horregatik, garrantzitsua da errealitatea den bezala islatzea, «infantilizazioetan» eta zurikerian erori gabe. Horretaz gain, isildurik edo bazterrean geratzen diren kolektibo guztiei ahotsa eman nahi diegu, eta baita bazterretako ahots orori plaza bat eman ere. Horretarako, komunikazioaren arlotik ere aliantzak etengabe garatzea beharrezkoa da, eta komunikazio tresna horiek mugimenduen mesedetara jartzea. Hori da bide bakarra benetan eraldatzaileak diren baloreak hedatzeko. Hitz egiten den hori airean gelditzen bada, ez badator materialtasun batetik, eta, gerora, ez bada inon materializatzen, ez du ezertarako balio”.
Sare sozialak nahitaezko tresna dituzte gazteengana heltzeko, Instagrama dute euskarri nagusia eta bertako moldeak izaten dituzte kontuan mezua zabaltzeko. Horretaz gain, Twitter eta TikTok ere erabiltzen dute, eta Kabala podcasta Spotify eta Youtube bidez zabaltzen dute. Dena den, etengabeko eraldaketan egotea da euren asmoa, eta unean uneko joerei erantzuteko gai izatea, atzean ez geratzeko.
Podcasta ere esperimentazioareko bidea izan da haientzat, eta, euren iritziz, batez ere Maddi Kintana hizlariaren karismak eragin du arrakasta. Hasieran audio formatuan egin zuten, baina ez zuen lortu nahi zuten publiko guztiarengana iristea, eta irudia gehitzean “askoz harrera hobea” izan duela nabarmendu dute. KLAKen lehen denboraldiko podcasta “mazedonia” moduko bat zela azaldu dute, eta bigarren denboraldian sortu dela Kabala, eztabaida edo tertulia formatuan, eztabaida arin eta atseginak egiteko xedez, entretenimendua eta kritika uztartuta. “Gazteriaren intereseko gaiak edo kezkak lantzeko espazio bat da, azkartasunean murgildutako edukietatik ihes egiteko saiakera bat”, adierazi dute.  
Podcastaren gaiei dagokienez, gazteen sektore baten interesekoa izatea hartzen dute kontuan, eta pil-pilean dauden gaiak, lantaldekoen interesa pizten dutenak edo garai jakin batekin zerikusia dutenak hautatzen dituzte, beti ere haren inguruko hausnarketa egin eta interesik, sakontasunik, eta kritikotasunik izan dezakeen eztabaidatuta: “Ez dugu nahi gaiak azalekoak izaterik eta buelta bat eman nahi izaten diogu ikuspegiari. Dena den, kontziente gara ordu erdi eskas irauten duten saioetan ez dugula gure arazoei aurre egiteko formula magikorik aterako, baina tertulia bakoitzak izan ohi du xede bat, izan daiteke gai bat mahaigaineratzea, eztabaida bati beste ikuspegi bat gehitzea edo dena delakoa”. Gaiarekin batera, hartaz aritzeko gonbidatu aproposak topatzen saiatzen dira, zer esan badutenak, eta jariotasuna eta freskotasuna dutenak. Horretaz gain, mugak muga, Euskal Herriko aniztasuna islatzen ere saiatzen dira.
Solasaldi freskoak izan ohi dira, lagunartean ematen direnaren parekoak. “Ez da elkarrizketa soil bat, galdera-erantzun, ez. Jarioa izatea nahi dugu, eduki «mamarratxoa» landuz, eta guk ere iritzia ematen dugu. Jendea ez da bortxaz ezaguna, Euskal Herriko edozein gazte izan daiteke; hortaz, gurekin hitz egitera animatzen dugu parte hartu nahi duen oro!”, azaldu dute.
Iritzia emateko gaur egun egon daitezkeen traben inguruan galdetuta, baliogabetze kultura dela medio, aberasgarria ere izan daitekeela uste dute: “Publikoan iritzi bat plazaratzen denean, argi izan behar dugu gerta litekeela gure iritzia auzitan jartzea. Badakigu gai batzuek polemika sor dezaketela, baina hausnarketa bat plazaratzeko bidea izan daiteke. Ondorioak ezagutzen ditugu eta «kantzelazio kultura» hori guregana etorriz gero, kontziente gara ordaindu beharreko prezioa ere badela. Ikusi dugu guk landutako gai batzuek eztabaida sortu dutela, eta ez bada mehatxurik tartean, aberasgarria izan daiteke”.
Podcastak euren aurreikuspenak gainditu baditu ere, eraldatzea eta hobetzea dute jomuga, eta etengabe fintzea. Egiten dutena estimatzen dutela ohartu dira, jendea gerturatu edo mezuak bidaltzen dizkietelako, eta horrek “egindako lanak merezi duela” sentiarazten die, eta hobetzeko motibazioa ere ematen die indar horrek. Hala ere, “gaizki eginez ikasteko prest” daudela jakinarazi dute, bai baitakite “bidea ez dela lorez betea egongo”.


‘Zulora’: lokaleko eztabaiden tonuan
Gazteak bere Youtube kanalean zabaldu eta Hiru Damatxok ekoiztutako Zulora eztabaida saioak bigarren denboraldia du martxan orain. Hiru bat gazte elkartu ohi dituzte saio bakoitzean, gazte lokal itxurako espazio batean, gai baten inguruan eztabaidan aritzeko. Ane Zuazubiskar aurkezlearen ustetan, ohikoa izan da eztabaida saioetan gazte bat eramatea guztien ordezkari gisa, eta tonu zaratatsuan eta muinera heldu gabe aritzea, eta Zulora saioak bestelako espazio bat eman dio gazteen iritziari: “Izan dira gai bat planteatu eta ordezkari gisa gazte bat eraman duten saioak, gazteen ikuspegia bakarra eta homogeneoa balitz bezala, beste kolektibo batzuekin gertatzen den moduan, emakumeekin esaterako. Horrekin hautsi nahi genuen, eta baita gazteek buruan soilik gai batzuk izan eta gainerakoak interesatzen ez zaizkien uste horrekin ere. Nik uste dut frogatu dugula gai askori buruz hitz egin dezaketela gazteek, eta gune erosoak eta seguruak emanez gero, gazteek badutela eztabaidatzeko gogoa, indarra, eta ahalmena”.
Gazteek gazteei ahotsa eman izana eta harremana parez parekoa izatea ere garrantzitsua iruditzen zaio Zuazubiskarri: “Badago meme bat The Simpsons telesaileko Mr. Barnes gazte «enrollatu» moduan agertzen dena. Urteek aurrera egingo dute eta guri ere pasatuko zaigu gazteentzat zerbait egiten saiatu eta konturatzea gai horretatik erabat urruti gaudela; orain ere pasatzen zaigu gonbidatuen adinaren eta gaiaren arabera. Neurri batean naturala da, baina gauden garai honetan iruditzen zait hori izan dela gakoetako bat. Gonbidatuek gazteak izanda parez pare, kuadrillari buruzko bizipenak antzerakoak izango dira, edo klima larrialdiari buruz antzerako lekuetatik hitz egingo dugu, edo generoari buruzko bizipen batzuk gertukoagoak izango dira adinean gertuago egonda. Eta uste dut hori igartzen dela”.
Lehen denboraldian arrazismoa edota sareetako matxismoa izan zituzten hizpide, besteak beste, eta bigarren denboraldian kuadrilla, metabertsoa edota gizonak. Eztabaidarako gaiak aukeratzerakoan, lantaldeak inguruan sumatzen dituenak hautatzen ditu, edo mamia izan dezaketela uste dutenak. Lehen denboraldiak sei atal izan zituen, bigarrenak ere beste hainbeste izango ditu eta gai faltarik ez dagoela uste dute, oraindik badaudelako “meloiak zabaltzeko”. Gonbidatuei dagokienez, berriz, lantaldea anitza izanik, euren sare zabal horretan erreferentziazkoak izan daitezkeen pertsonak dituzte kontuan, beti ere lurraldetasuna, generoa eta bestelakoak orekatzen saiatuta, ahalik eta esparru zabalena hartzeko.

“Izan dira gai bat planteatu eta ordezkari gisa gazte bat eraman duten saioak, gazteen ikuspegia bakarra eta homogeneoa balitz bezala, beste kolektibo batzuekin gertatzen den moduan, emakumeekin esaterako. Horrekin hautsi nahi genuen, eta baita gazteek buruan soilik gai batzuk izan eta gainerakoak interesatzen ez zaizkien uste horrekin ere"

Gazteek lasai eztabaidatzeko espazio gutxi dituztela berretsi du Zuazubiskarrek ere: “Gaur egungo gizartean ez dago espaziorik eztabaidatzeko, alegia, eseri eta eztabaida dezagun lasai, hirugarren minutuan elkarri mokoka hasi gabe. Sare sozialak ez dira eztabaidarako guneak, agian zure iritzia emango duzu, baina eztabaidatzeko leku pausatugoak eta lasaiagoak behar dira, eta hori da falta dena. Halako zerbait egiten saiatu gara. Egia da badaudela beste proiektu batzuk hausnarketarako, eta eskertzen da, baina gutxitxo izaten jarraitzen dute, beti izango dira gutxitxo”. Gainera, eztabaidatzeko garaia zaila dela uste du: “Tonu lasaian edo argudioak erabilita eztabaidatzea ez da erraza izaten, ez ahalmen faltagatik, baizik eta parekoa zikintzera jotzen delako. Argudiatu eta eztabaidatu beharrean, beste gauza batzuk erabiltzen dira. Zure iritziaren alde egin, baina parekoa erasotu gabe edo parekoa hormaren kontra jarri gabe”.
Gai serioen inguruan eztabaidatu arren, umoreak ere bere tokia behar duelakoan dago, lagun arteko elkarrizketetan ere hala izaten delako: “Batzuetan mahai-inguruak antolatzen direnean, iritzi potoloak eta tonu serioa izaten dira nagusi, baina gazteon artean eztabaidatzen dugunean, lagunartean, serio aritu arren, edo kontzeptu potoloekin, bestelako tonu bat izaten da eta hori mantentzen saiatzen gara”.
Eztabaidetara gazteak urduri samar iristen badira ere, berehala ahanzten omen dituzte kamerak, eta gustura eta eroso sentitzen omen dira. Zuazubiskarrek kontatu duenez, bakoitzaren errealitate eta bizipenen artean konexioak sortu ohi dira eta baita iritzi ezberdina dutenen arteko elkar-ulertzeak ere. Parte-hartzaileek “eztabaidatu izanaren poza” sentitzen dutela eta norbere ideiak berrantolatzen ere laguntzen duela nabarmendu du arrasatearrak.
Bigarren denboraldian aurrekoan baino ikus-entzule gehiago dituztela ohartu dira eta sumatu dute bazela, batzuen aldetik behintzat, gehiagorako gosea. Zabalkundea ere izan duelakoan daude, ahoz aho zein sare sozialen bidez.

‘Pilula gorria’: euskarazko errealitate pilulak
Pilula Gorria euskara hutsean egindako Twitch bidezko lehen saioa da, bereziki gazteei zuzendua. Sortzaileek azaldu dutenez, “gazteek Twitch plataforma asko erabiltzen dute, TikTok-ekin batera, eta euskarak bertan duen hutsunea oso handia dela iruditzen zaigu”.
Elkarrizketa “bihurriak” izaten dira saioaren ardatza, eta umorezko bestelako atalak ere tartekatzen dituzte: “Tonu arina, oso informala, espontaneoa, umoretsua eta zirikatzailea du, iruditzen zaigulako sareetako tonutik gehiago hurbiltzen dela, telebistako umore zuri horretatik baino. Naturaltasunaren eta inperfekzioaren aldeko apustu irmoa egiten dugu zentzu horretan”.
Proiektuaren sortzaileek euren identitatea ezkutuan mantendu nahi dute, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, sarean jakin-mina piztu nahi dutelako, eta, bestetik, proiektu berri bat aurkezten denean, jendeak horren atzean zer talde, komunikabide, enpresa edo dena delako dagoen jakitea kalterako izan daitekeela uste dutelako. “Onerako zein txarrerako izaten da hau jakina. Izan ere, haien jarraitzaile direnek gertutik jarraituko dute, baina aldiz «haterrek» edota beraien ildoa edo dena delakoa gustuko ez dutenek, ez dute ikusiko. Horregatik hartu dugu, oraingoz, erabaki hau. Proba moduan ari gara egiten”, azaldu dute. Donostiako Euskara Zerbitzua eta Bilboko Azkue Fundazioa dituzte bidelagun proiektuan.
Saioaren izenburuaren jatorria zinemazale diren askok igarriko dute, zientzia-fikzioaren kulturan ezagunak diren terminoak baitira, The Matrix (1999) filma dela eta. Pilula gorria eta, bere aurkakoa, pilula urdina, egia deserosoa (gorria) edo ezjakintasun zoriontsua (urdina) besarkatzearen arteko hautua irudikatzen duten zinemazale-kulturaren sinboloak dira. Pelikulan, Neo protagonistari bi piluletako bat hartzeko aukera eskaintzen zaio. Pilula urdinak gertatutakoa ahaztea eta Matrixen errealitate birtualean geratzea ahalbidetuko dio, eta gorriak, berriz, hartatik askatu eta mundu errealera eramango du.
Elkarrizketatuek ere pilulekin eta aurkezleen galderekin jolas egin behar izaten dute. Elkarrizketaren hasieran hamar pilula izaten ditu gonbidatuak, zortzi gorri eta bi urdin. Horren arabera, hamar galdera “deseroso edo zirikitzaile” horietatik zortzi nahitaez erantzun behar izaten ditu, eta bitan pilula urdina hartzeko aukera izaten du, hau da, txanda-pasa egiteko. Galderak aldez aurretik ezagutzen ez dituenez, hasieratik bi erantzun gabe utziz gero, gainerakoekin ez du ihesbiderik izango.
Lehen denboraldian hiru atal egin zituzten eta Aitziber Garmendia, Nogen eta Chill Mafiak hartu zuten parte, Lord Draugr youtuber ezaguna aurkezle zela. Azaroan hasi dute bigarren denboraldia, Amalia Ibargutxi eta Garazi Rezabalek gidatuta, eta lehen gonbidatuak Julen Axpe umoregilea eta Bulego taldea izan dira. Gainerako ataletan ere euskal kulturako erreferenteak izango direla aurreratu dute, eta ez dela gatzik eta piperrik faltako. Elkarrizketatu ezagunekin izandako solasaldi dibertigarriez gain, Ibargutxik eta Rezabalek hainbat bideo biral eta eduki umoretsu eskainiko dituzte, tartean txutxu-mutxuak, eta ikus-entzuleentzako erronkak ere izango dira. Saioen zuzeneko jarraipena egiteaz gain, Youtubeko kanalean ere ikus daitezke osorik eta zenbait eduki ere zintzilikatzen dituzte sare sozialetan.
Balorazioa egiteko eskatuta, lortutako emaitzarekin eta izandako oihartzunarekin “oso pozik” daudela nabarmendu dute, “hutsetik abiatutako proiektua” dela kontuan hartuta: “Proiektuaren atzean nor dagoen ez esateak eta Twitchen euskarazko programazioa eskaintzeak jakin-min handia sortu du eta horrek asko lagundu dio zabalkundeari. Euskarazko kontsumo digitalen erabiltzaile kopuruaren batez bestekoa hogei lagunekoa izaten omen da eta Pilula Gorriak hirukoiztu egin ditu datu horiek. Gazteek Twitchen gaztelaniazko zein ingelesezko eduki asko kontsumitzen badituzte ere, Pilula Gorria-rekin ikusi dugu euskaraz kontsumitzeko nahia eta gogoa ere badagoela, eta eskaintzen bada, kontsumitzen dela. Twitcheko zuzeneko emisioa dela eta, ikusleen parte-hartze aktiboa izaten da emanaldian txataren bitartez, ikusleek ematen diote saltsa saioari eta batzuetan eurak bilakatzen dira protagonista”.