Gazteei zuzendutako 'Memeka' euskarazko meme lehiaketa martxoaren 20an abiatuko da

15 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzendutako lehiaketa da, eta www.memeka.eus gunea erabili beharko dute,

Memea umorezko mezu sinplea da, eta, gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten nahasketa satirikoan oinarritzen dena. Azkar zabaldu ohi dira, bereziki sare sozialen eta mezularitza aplikazioen bidez, sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo, besterik gabe, lagunekin dibertitzeko.

Azkue Fundazioak eta Iametzak sustatutako Memeka lehiaketak gazteek euskara ingurune digitalean erabiltzea sustatu nahi du, beraientzat entretenigarria eta dibertigarria den edukia sortzea. Aldi berean, ekimen honek "agerian uzten du euskal hizkuntzak eta kulturak aro digitalean garrantzitsuak eta zirraragarriak izaten jarrai dezaketela".

Gazteek www.memeka.eus webgunean eskuratu ahal izango dituzte irudi garbiak, eta, gero, testuak txertatu beharko dituzte irudi hauetan. Letra mota eta kolorea aukeratuko ahal izango dituzte, eta irudiaren gainean erabiltzeko eranskailu edo sticker-ak ere izango dituzte eskura. Memeak argitaratuz gero, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabili ahal izango dituzte gainerako erabiltzaileek.

Lehiaketa 15-18 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta memeak sortzeko memeka.eus plataforman dauden oinarrizko irudiak erabili beharko dira. Gaia librea izango da, baina testuak euskaraz idatziak izan beharko dira. Memeren bat egokitzat jotzen ez bada, lehiaketatik kanpo geratuko da. 

Bi sari egongo dira: bata, webgunearen bidez bozka kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat , 200 euro; eta, bestea, Memekako Instragram eta Pixelfed kontuetan, biak batuta, 'atsegin dut' edo 'like' kopuru gehien jasotzen dituen memearentzat, 150 euro. Saritutako memeekin serigrafiatutako kamisetak ere jasoko dituzte irabazleek.

Apirilaren 21ean amaituko da lehiaketan parte hartzeko epea. Apirilaren 24tik maiatzaren 2ra izango da bozka emateko epea, eta meme irabazleak maiatzaren 3an iragarriko dira.