Gazteaukera, auzokontalari bila!
Uztaileko bigarren hamabostaldian Auzolandegiak egingo dituzte Amurrio, Añana, Lemoa, Lekeitio, Busturialdea, Aduna eta Bergaran, eta bertako kontuak hurbiletik bizi eta blog bidez zabaltzeko, bi auzokontalariren bila dabil Gazteaukera. Hartu parte lehiaketan!
Idaztea, argazkiak egitea eta bideoak osatzea gustuko duten pertsonak dira auzokontalariak, beren inguruan gertatzen denaz informatu, eta txutxumutxuak nahiz detaile txikiak bildu eta zabaltzen dituztenak. Horiek topatzeko asmoz, Auzokontalariak lehiaketa jarri du abian Gazteaukerak, eta parte hartzeko epea ekainaren 14ra bitarte zabaldu du.
Baina zer egin beharko dute zehatz-mehatz auzokontalariek? Ba uztaileko bigarren hamabostaldian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi herritan egingo dituzten Auzolandegietara joan beharko dira; bertako esperientziak barrutik ezagutuko dituzte, eta gainera, egunerokotasunean gertatzen direnak bildu beharko dituzte testu, argazki eta bideoen bidez. Ondoren, guzti horiek Gazteaukera blogean argitaratzea izango da beren zeregin nagusia, Euskal Herriko gazte orok informazioa eskuragarri izan dezan.
Aukera polita da auzolandegien dinamika barrutik ezagutu eta gisa honetako esperientziak partekatzeko, eta era berean, auzokontalariek 1.000 euroko diru-laguntza izango dute. Bidaia guztien gastuak ere Gazteaukeraren kontu joango dira, eta blogeko edukiak osatzeko gailu teknologiko guztiak eskura jarriko dizkiete.
Nola parte hartu?
Zuk ere auzokontalari izan nahi baduzu, honakoa da egin beharrekoa: ezagutzen duzun boluntariotza proiektu bati buruzko testua (350-450 hitz) edo bideo laburra osatu behar duzu, edota nahi izanez gero, biak egin ditzakezu; eta ekainaren 14a baino lehen bidali behar dituzu hemen aurkituko duzun formularioarekin batera. Bideoak, bestetik, gazteaukera@gmail.com helbidera bidali beharko dira.
18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko lehiaketa da, eta noski, bidalitako lanek originalak behar dute izan. Halaber, parte hartzaileak Gazte-txartelaren titular izan behar dute. Baina baldintza guztiak zehatz jakiteko, sartu hemen.
Azken batean, gazte, dakizun hori egiteko aukera ematen dizun lehiaketa da honakoa, eta gainera, esperientzia ahaztezinak bizita. Zer gehiago nahi duzu?