Gazteak eta herri kirolak

Gazte gutxi dabil herri kiroletan. Dena dela, batzuk hor dabiltza eta guk haiekin hitz egin dugu.


Isaac Izurieta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidentearen arabera, gero eta gazte gutxiago ari da herri kiroletan. Kirol mota honek baserriarekin duen harremanak badu zerikusirik horretan, eta gero eta baserri gutxiago dagoenez… “Dabiltzan gehienek aita, aititea edo osaba izan dute kirolari“, dio Izurietak; “bestela, gatxa da inor irtetea, kaletarren artetik, batez ere”.

Herri kirol asko banaka egitekoak dira, eta horietan ez da eratutako talderik izaten. Horrek dirulaguntzak eskuratzea zailtzen du: “Klubek aldundien dirulaguntza dute. Hala ere, norbanakoen kasuan, Eusko Jaurlaritzak urtero eskatzen digu txapelketa garrantzitsuak erdietsitako kirolarien zerrenda; Euskal Herrian txapelketa bat irabazi edo mundu txapelketa batean dominak lortutakoak sartzen dira hor”. Haientzat bada dirulaguntza, baina maila horretara heltzeko izerdi —eta batzuetan diru— asko bota behar da.

Zelan indartu herri kirolak? Izurietaren ustez, badira bideak. Zenbait kirolei dagokienez, Euskal Herriko selekzioak lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateak lagundu egingo luke zaletasuna handitzen. Bestalde, komunikabideen arreta handiagoa eskatu du laukiztarrak: “Pilota galduta egon da, eta begira orain”. Azkenik, eskola aipatu du federazioko presidenteak. “Hor dabiltza aldundietan, batez ere Gipuzkoakoan, herri kirola eskolaz kanpoko ekintza moduan indartu guran”. Nafarroako ikastolen ereduari jarrai diezaiokete, bertan eskarmentu handia baitute horretan.

Aimar Irigoien, harrijasotzailea: “Saralegiren marka gainditzea oso zaila da”



Aimar Irigoien 18 urteko errezildarra bost urte zituela hasi zen harriak jasotzen. Berak ondo dioen bezala, "lehenago hastea zaila da". Hamahiru urterekin-edo hasi zen harri handiekin, eta honezkero marka ederrak lortu ditu: "Altxatu dudan azkena, esku biekin, 227 kilokoa izan da. Esku batekin, 177-koa". Etorkizunean Saralegiren marka (328 kilo) hausterik izango duen galdetu diogu: "Ez dago jakiterik noraino helduko naizen, baina marka hori gainditzea oso zaila da".

Bere adinekoen artean, behintzat, Irigoienek ez du parerik. Lehia ere ez da izugarria, egia esan; "ni eta beste bi edo hiru gabiltza, gehiago ez". Harri jasotzea kirol isila da, gogorra, eta ez du futbolaren osperik. "Klub aldetik-eta, ez dago beste kirol batzuetan adinako azpiegiturarik", dio Irigoienek. Hala ere, Irigoienen ustez, ez dago galtzeko arriskurik: "Beti izango da baten bat. Batez ere herri txikietan". Astean pare bat alditan entrenatzen da, etxean. Ez du prestakuntza berezirik; "oraintsu hasi naiz gimnasiora joaten eta jaten dudana begiratzen, ez gehiegi". Bestela ere, baserriko lana entrenamendu polita da, itxuraz.

Martina Iturriotz, trontzalaria: “Tabernako bezeroek ekartzen didate egurra”


Martina Iturriotz trontzalari lemoarra duela laupabost urte hurbildu zen herri kirolera, ia oharkabean. Taberna batean behar egiten du, hiru ahizpekin batera, eta hango ezagun batzuen bitartez hasi zen herri kirola ikusten lehenik, eta egiten, ondoren. Aurretik, kirolik batere egin gabea zen Iturriotz. “Gu baserrikoak gara, eta han beti izaten da zereginik; ez gara geldirik egoten”. Orain 26 urte ditu, eta denbora laburrean emaitza politak lortu ditu, hasieran ahizpa bikia bikotekide zuela, eta orain, Lemoako beste neska batekin. Hain zuzen, harekin irabazi zituen iaz Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak.
Iturriotzek herri kirolean azpiegitura falta dagoela dio. Bere inguruan, behinik behin, ez dago inolako klubik. Hortaz, herri kirolean jardun nahi duenak han-hemenka dabilen jendearengana  jotzea du aukera bakarrenetakoa. Esandakoaren adibide ederra da zelan lortzen duen Iturriotzek behar duen egurra: “Tabernako bezeroek ekartzen didate menditik; bestela, ni neu joaten naiz bila”.


Ugaitz Mugertza, aizkolaria: “Gero eta gazte gutxiago dabil honetan"



Ugaitz eta Aratz Mugertza anaia mutrikuarrek aitaren urratsei jarraitu diete aizkoran. Hamazazpi eta hamasei urte dituzte, hurrenez hurren, eta adin horretako aizkolari bakanetakoak dira Euskal Herrian. “Txapelketetan, behintzat, oso gutxik ematen dute izena”, diosku Ugaitzek. Biak hala biak gazte samar hasi ziren. Gazteago Ugaitz; Aratzek, aurretik, harrijasotzaile gisa saiatu nahi izan zuen eta.

Mugertzatarrak etxean entrenatzen dira, baserrian. Ugaitz 18 urtetik beherako txapelduna izan zen iaz; Aratz hirugarren geratu zen. Aurten, abuztuaren 10ean, berriro jokatu zen txapelketa eta hiru gaztek baino ez zuten parte hartu; Ugaitz berriro nagusitu zen eta anaiak bigarren postua eskuratu zuen. “Herri kirolean gero eta gazte gutxiago dabil”, dio Ugaitzek, “eta gero eta zaletasun gutxiago dago, oro har”. Kirolari eta zale gehienak baserri girokoak dira, “eta baserria ere gainbehera doanez…”. Aizkora, gainera, herri kiroletan garestienetakoa ei da. “Harria edo soka erosi eta behin eta berriz erabil daitezke; egurra, ordea, behin ebaki eta bota egin behar da".

Naiara Mundiñano, tiralaria: “Jendeak beste kirol batzuk ditu nahiago"



Naiara Mundiñanok hamazazpi urte ditu, eta Etxarri-Aranazkoa da. Bera da, orrialdeotara ekarri ditugunetan, kaletar bakarra. Izan ere, berak egiten duen kirola da, hainbatek esan digunez, baserritik kanpora indar pixka bat duen herri kirol bakarra: sokatira. Gaur egun, Sakana talde arrakastatsuan —munduko txapeldun izan dira— dabil Mundiñano, Arbizuko eta Etxarri-Aranazko beste hamarren bat neskarekin batera. Baina hasi, ikastolan hasi zen. Haren ahotik jakin dugunez, Nafarroako zenbait ikastolek herri kirola bultzatzeko ahalegin galanta egiten dute, eta parte hartzaile dezente biltzen dituzten txapelketak antolatzen dituzte. Hala ere, "sokatira, eta herri kirola oro har, beherantz doa", uste du Mundiñanok. Hori bai, Sakanan herri kirol zaletasun handia omen dago, baina garai bateko mailara iritsi gabe, noski: "Entrenatzaileak dioenez, lehen jende pila joaten zen Nafarroako sokatira txapelketara. Orain, jendeak beste kirol batzuk ditu nahiago".