Gazteak bidean aurrera

Gazte Topagunea`04, apirilaren 9tik 12ra egingo da Gipuzkoako Itsasondo herrian. "Gu gera herria, egin dezagun bidea!" izango da aurtengo leloa.


Musika emanaldiak, mahai inguruak, muralgintza, eskulan tailerrak, autogestiorako irizpideak, argazkigintza eta irratigintza… Inoiz baino osatuago dator aurten Itsasondon egingo den Euskal Herriko Gazte Topagunea. Izan ere, aurtengoa seigarren urtea izango da, eta hori egitarauan nabaritu egiten da. Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurtengoa berezia izango da, gazteak gazteen arazoez kezkatu eta antolatu zirenetik 25 urte igaro dira-eta".

Gazte Topagunearen antolatzaileen mezua garbia da: "Gazte herria egin nahi dugu. Kontsumismotik urrunduko den aisiaz gozatu, gorputz estereotipoak alboratu, harreman aske eta naturalak bultzatu, sexu askatasuna gauzatu; balore eta bizi eredu alternatiboen apologia egin nahi dugu. Gazte Topagunea gure antolatzeko eta borrokatzeko grinaren erakustaldia da, eta egungo zapalkuntza egoera honetan, hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!".

Bost gune nagusi

Esan bezala, lau egunetan, mota guztietako ekitaldiak izango dira Itsasondon. Horretarako, bost gune nagusi prestatuko dituzte: Gaztetxea, Euskal Herria gunea, Komunikazio gunea, karpa erraldoia eta 1.500 lagunentzako jantokia. Gune bakoitzak berezko egitaraua izango du. Gaztetxeari dagokionez, hainbat txoko izango dira: kafe karpa, zinema karpa, musika karpa eta rokodromoa. Euskal Herria gunean, Euskal Herriko eta nazioarteko aldarrikapenen berri emango dute. Komunikazio guneak gazte egitasmoen bozgorailu izan nahi du.

Karpa erraldoian kontzertuak egingo dituzte. Antolatzaileek milaka lagun espero dituzte Itsasondon. Joan nahi izanez gero, ez ahaztu kanpin denda eta lo-zorroa, kanpatzeko lekua ere izango da eta.