Gaztea Maketa Lehiaketan bozkatzeko aukera
Hogei talde edo bakarlariren artean bozka daiteke datorren ostegunera bitartean.
Gaztea Maketa Lehiaketan izena emateko epea bukatuta, bozketa fasea jarri dute martxan. 20 talde edo abeslariren kantuen artean bozka daiteke azaroaren 4ra bitartean Gaztearen Maketa Lehiaketako atalean. Azaroaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian ospatuko den final handian jakingo dira irabazleen izenak.
Hauek dira bozketako parte-hartzaileak: El Negro, Love23, Jür, Udda, Wood Strings, Intza, Julen, Muzak, Mirua, Maialen Aristegi, Lokers, Silitia, Sweet Rage, Parkatu, Sara Azurza, Debajo del Paraguas, Janus Lester, When Evil Comes, RIG3L, eta Outgravity.
Epaimahaiaren Saria, 5.000 euro eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera, eta Entzuleen Saria, 2.500 euro, banatuko dituzte. Gainera, aurten sari berezia ere emango da: Harrobia Saria. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.
Raitx donostiar musikariak eskuratu zuen Epaimahaiaren Saria 2020an eta Entzuleen Saria, berriz, Kilimak taldeari egokitu zitzaion.