Gazte Talent lehiaketako finalistak izendatu dituzte

Deserrite, Lola Oiarzabal, Emmanuele, Intxixu, Lehia eta Tilda dira lehiaketako sei finalistak. Abenduaren 6an eta 7an jokatuko dute finala Jimmy Jazz aretoan.

Gasteizko Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent lehiaketaren zazpigarren edizioko finalistak aukeratu dituztela jakinarazi dute. 14 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrek hartzen dute parte lehiaketan eta, euren lanak aurkeztu ondoren, abenduaren 6 eta 7ko finalean parte hartuko duten sei bakarlari edo taldeak izendatu ditu hautaketa batzordeak. 

Gazte Talent saria 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat izaten da eta hauek arituko dira kategoria horretan lehian: Deserrite, Emannuele eta Lola Oiarzabal. 25 eta 35 urte artekoen Gazte Talent Laboral Kutxa saria eskuratzeko hautagaiak, berriz, Lehia, Intxixu eta Tilda dira. Abenduaren 6an arituko dira lehenengoak, eta besteak abenduaren 7an Jimmy Jazz aretoan. Epaimahaiak abenduan emango du bere erabakiaren berri. Kategoria bakoitzeko irabazleek mila bana euro jasoko dituzte, eta talde edo bakarlari onenaren accesita eskuratzen duenak, berriz, 500 euro eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Emakumeak tartean dituen bakarlari eta talde onenak ere izango du saria, 500 euro eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera. Gainera, sailkatutako talde guztiek beren kontzertuaren kalitate handiko grabazioa jasoko dute. 

Deserrite taldea Buruda bailarako hard-rock taldea da. Taldearen izena Larramendiren Hiztegi Hirukoitzetik hartu dute, eta 'erbesteratuak' esan nahi du, rock and roll-a gaur egun erbesteratua ikusten dutelako. 

Emmanuelle Sierra Leonan jaiotako 17 urteko gasteiztarra da. Bizitza osoan gustatu omen zaio abestea, batez ere rap eta reggaea. Urte asko daramatza letrak sortzen, abestiak ekoizten eta bideoak editatzen.

Lola Oiarzabal 18 urteko abeslari gasteiztarra duela urte batzuk hasi zen konposatzen, eta oso eroso sentitzen omen da indie pop estiloan. Maverick Keys taldeko kidea da, eta aurten bakarkako ibilbideari ekin dio, taldearekin jarraitzeaz gain. Bere lehen EPa argitaratu berri du, Barrutik izenekoa.

Lehia Gasteizko lau gaztek osatutako rock taldea da, 2020ko udan jaiotako proiektua. Hasieran hiru kideko taldea zen, baina aurten baxu-jotzailea gehitu dute taldera, eta haien lehen hiru abestiak grabatu dituzte.

Intxixu Euskal Pagan Folk garaikidearen talde berria da. Lau urtez aritu dira kalejirak eta kontzertuak ematen lau gasteiztar hauek. Mari jainkosari abesten diote, eta alboka, gitarra eta perkusioaren bibrazioekin dantzatzeko eta oihukatzeko gogoa pizten dute jendartean.

Euskarazko eta gaztelaniazko rock progresiboaren proposamen alternatiboa egiten du Tilda taldeak Gasteizen. Musika estilo desberdinetatik datozen eta musika esperientzia handia duten bost musikarik egin dute bat proiektu honetan.