Gazte sortzailea bazara, zure lana parteka dezakezu KulturSharean
Euskarazko sorkuntzan aritzen diren gazteek haien lana erakusteko aukera izango dute.
Gazte sortzailea baldin bazara, eta egiten duzuna jendearekin partekatu nahiko bazenu, adi! Kultursharea musika egiten, idazten, marrazten, argazkiak ateratzen, bideoak sortzen, antzerkia egiten, dantzatzen eta abarretan aritzen diren gazteen bila dabil, haientzat leiho bat irekitzeko.
Lehen Planoan izango du izena proiektuak eta helburua gazteen lana erakustea, sortzaile berriak ezagutzea eta elkarren berri izatea da. Euskal Herriko gazte sortzaileen lana eta proiektuak ikusgarri egiteko gunea izango da azken finean.
Euskaraz sortzen ari diren gazteek elkarren artean ezagutzeko aukera izango dute eta diziplina desberdinetako sortzaileak gurutzatuko dira bertan.
Jasotzen dituzten proposamenetako batzuk Kultur Shareako Lehen planoan atalean eta haien sare sozialetan landuko dituzte, eta haiek azaldu dutenez, "sortzailea eta haren lana erdigunean" jarriko dute.
Argitu dutenez, ez dute izen ezagunik eta curriculum edo ibilbide luzeko jendea bilatzen. Hasiberriek ere badute tokia, lehen lana izanda ere. Euskarazko sormen lana bada ateak zabalik izango dituzte.
Parte hartu nahi izanez gero, formularioa bete behar da KulturSharea-ren webgunean.