Gazte eta helduentzako ipuin labur lehiaketa sortu dute Zornotzan

Bertan erroldatutako 16 urtetik gorakoek har dezakete parte eta apirilaren 8ra arte bidal daitezke lanak.

Zornotzako Udalak Ipuin Laburren Lehiaketaren lehen edizioa antolatu du "gazte eta helduen artean euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna pizteko".  Lehiaketak bi kategoria ditu: alde batetik, 16 urtetik 22ra bitartekoena, eta beste aldetik, 23 urtetik gorakoena. Parte-hartzaileek Zornotzan erroldatuak izan beharko dute.

Ipuinak honako hasierari eman beharko dio jarraipena: "“Bete gabe nituen, artean, hamazortzi urte…”. Euskara batuan edo bizkaieraz idatzi daiteke eta gehienez 3000 karaktere izango ditu kontakizunak, izenburua eta zehaztutako hasiera barne. Originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 8an amaituko da, 14:00etan. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 23an izango da. Kategoria bakoitzeko irabazleak bertako produktuen otzara bat jasoko du, eta ipuin saridunak argitaratu egingo dira Udalaren webgunean eta eskualdeko komunikabideetan.  

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.