Gazte ekintzaileentzako sariak antolatu ditu Kutxa Fundazioak
Hautatutako proiektu bakoitzak 15.000 euroko laguntza jasoko du. Eskaerak ostiralera arte egin daitezke.
Kutxa Fundazioak Inspira Gazteak sarien lehenengo edizioa antolatu du, Gipuzkoako 20 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntza eta aintzatespena emateko asmoz. "Gipuzkoa kultuagoa, sortzaileagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa egiten laguntzen duten gazteak sustatu eta babestu nahi dira, etorkizuneko belaunaldientzako erreferente berriak izan daitezen", azaldu dute.
Ekimen honen bidez bost gazte sarituko dituzte "beren ibilbide pertsonal eta profesionalagatik, lidergoagatik eta hazteko potentzialagatik, ekintzailetza-gaitasunagatik, merezimenduengatik eta beste pertsona batzuentzat eredu izateagatik".
Deialdia Gipuzkoako 20 eta 30 urte bitarteko gazteentzat da eta honako bost kategoriatan parte har daiteke: gizarte-ekimena, ingurumen-ekimena, hezkuntza-berrikuntza, ezagutzaren sustapena eta ekintzailetza. Hautagaitzat aurkezteko epea ostiralean, maiatzaren 26an, amaituko da.
Aurkeztutako proiektu guztietatik bost hautatuko dira eta horietako bakoitzak 15.000 euroko laguntza jasoko du. Epaimahaiak uztailaren 3tik 14ra eztabaidatu eta erabakiko du sarituak zein izango diren. Epaimahaiaren ebazpena eta sarituen izena irailaren 14an egingo den sari-banaketako ekitaldian jakinaraziko dira.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.