Gazako "gazte gaiztoak"
Parkour eta breakdance mugimenduek gogor jo dute Gaza. Belaunaldi gazteek saltoka zein dantzan ekin diote askatasuna aldarrikatzeari. Kultura mendebaldarraren eragina edo erresistentzia modu berri bat?
Bideo baten ondorioz egin dira famatu: Mohamed al-Jakhber eta bere lagunak eguneroko entrenamendua egiten ari dira etxe ondoko dunetan. Salto luzeak, itzulipurdiak... Khan Yuniseko parkour taldeak arratsalderoko jauziak egiten dihardu. Baina une horretan, Israelgo misilak Gaza jipoitzen hasiko dira. Gazteak ez dira babes bila joango, ordea. Bideokamera eskuan, bonbak eta saltoak grabatzeari ekingo diote. 2012ko azaroaren 14an egindako bideo horri Atsekabeaz gain, itxaropena dago izena jarri zioten, eta milaka bisita jaso ditu YouTuben.
Khan Yuniseko errefuxiatuen eremuko bizilagunak ohituta daude al-Jakhberren eta bere lagunen jauziak ikustera. Hain zuzen, iheslarien gunearen bihotzean sortu zuten parkour taldea 2005ean. Egun, 12 kidek osatzen dute. "Hasiera batean zaila izan zen, izan ere, zorotzat hartu gintuzten senitartekoek", gogoratu digu Mohamed izeneko gazte batek. Al-Jakhberrek eta beste kideek fisikoa lantzeko entrenamendu gisa ekin zioten parkourrari: "Iheslarien gunea barandez, hesiz eta hormaz beterik dago. Entrenatzen hasi ginen lehen eguna ibiltzen ikastea bezalakoa izan zen. Txoko bakoitza gainditu beharreko oztopo bat zen guretzat".
Parkourra kirol gaztea zein urbanoa da. Al-Jakhberren arabera, inguruak ematen diena erabiltzen dute fisikoa lantzeko. Hala, hiri espazioak eta gorputza dira baliabide bakarrak. Ez dago teknika arauturik ezta estilo definiturik ere. Parkourra, Georges Hebert (1875-1957) militar frantsesak proposaturiko "metodo naturalean" oinarritzen da, hau da, teknika planifikaturik gabeko entrenamendu mota batean. Khan Yuniseko parkour taldeak itsuki defendatzen du kirol honen filosofia. "Gazan bizitzeak esan nahi du egunero hainbat oztopori aurre egitea, beraz, guretzat oso naturala da jauzien bidez mugak gainditzen saiatzea", esan digute. Horregatik, ez zaie ikuskizunak egitea gustatzen.
Mohamed Lubbad Gazako bigarren parkour taldearen sortzailea da, eta ondo gogoratzen du kirol honi buruz lehen aldiz entzun zuen eguna. "2007an Frantziako parkour mugimenduari buruzko dokumental bat ikusi nuen eta kontzeptua izugarri gustatu zitzaidan", azaldu du. Orduz geroztik, "energia botatzeko" ezinbesteko tresna bilakatu dira harentzat jauziak.
Lubbaden ustez, mugarik ez dagoela pentsatzea da parkourraren ideiarik politena: "Trabak eta hesiak gainditzeko entrenamendu bat da". Alta, Gazan desafio hutsa izan daiteke oztopoei aurre egiteko kirol bat posible dela aldarrikatzea. Munduko biztanle dentsitate handienetakoa duen eremu honetako herritarrei lurrez, itsasoz zein airez ezarri zaie blokeoa. "Nire iritziz, harreman handia dago parkourrak Gazan daukan ospearen eta gure eguneroko traben artean", nabarmendu du.
Baina poxpolo kaxa baten barruan bezala bizi diren 1.5 milioi palestinarrei zein ekarpen egin die parkourrak? Lubbadek argi dauka: "Gazan nagusi den giro negatiboa aldatzeko aukera eman digu. Haserrea edo ezinegona askatzeko kirol ezinhobea da. Niri beldurrak gainditzen lagundu dit".
Jauziak egiteko gogoko dituen txokoak erakutsi dizkigu Lubbadek: hondartzak, hilerriak, edifizio suntsituak eta UNRWA-ren eskoletako patioak. Gazan ez dago parkour taldeek ezagutzen ez duten kantoi, horma edo espazio irekirik. Baina Lubbaden ustez, arazo bat bilakatu da toki gehienak ezagutzea. "Dagoena dago, ezin ditugu toki berriak aurkitu eta ezinezkoa zaigu gure saltoak besteekin partekatzea. Hemendik ateratzeko baimen bat lortzea ia ezinezkoa da guretzat", diosku.
Hala, Internet komunikazio bide nagusia bilakatu da Gazako parkour-zaleentzat. Sare sozialak, foroak eta YouTube; parkourraren munduan bideoak lotura garrantzitsua dira jauzilarientzat. Horregatik, gazatarrek haien saltoak grabatu eta sarean jartzen dituzte. Lubbaden iritziz, "Israelek itxi dizkigun ateak zabaldu ditu Internetek".
Ez da koinzidentzia izan Gazako bi parkour taldeak iheslarien guneetan sortu izana. Eremu horiek famatu egin dira kultura adierazpen alternatiboek eta hip hop mugimenduak duten indarragatik. Ahmed (ezizenez Shark) izeneko gazte palestinarrak parkourra utzi eta Camps Breakerz Crew izeneko breakdance taldea sortu berri du Khan Yunisen. "Nahiago dut dantza saltoak baino", esan digu erakustaldi bat egin baino lehenago.
Unibertsitatetik atera berri harrapatu dugu Ahmed. Erizain ikasketak egiten ari den dantzari honen estiloak ez du bat egiten Gazako gazte gehienen janzkerarekin. Ingurukoen arreta pizten dute fraka zabalek, koloretako zapatilek, bisera horiak, eguzkitako betaurreko handiek... Ahmedi ez zaio axola, ordea. "Batzuei ez zaie nire janzkera gustatzen, ez duelako hemengo kode morala jarraitzen, baina inoiz ez didate horrela ez janzteko esan", diosku.
Ahmedek anaia nagusiaren bitartez ezagutu zuen breakdance-a, Saudi Arabian. Duela urtebete,Gazara itzuli zen familiarekin eta Khan Yuniseko iheslarien guneko bizilagunekin talde bat sortu zuen. AEBetako hirietako aldirietan sortutako dantza honek benetan miretsita dauka Ahmed. "Niretzat barruan daukadana adierazteko modu bat da, estresa kendu eta ondo pasatzeko bide bat".
Camps Breakerz Crew taldeak Ahmeden etxeko sotoan egiten ditu probak eta kalean emanaldiak. "Bizilagunen erreakzioa ikustea gustatzen zaigu. Batzuetan txalotu ere egiten gaituzte", azaldu digu. Iheslarien guneko umeei breakdance-a eta saltoen artea erakusteko eskola txiki bat ere sortu dute parkour taldearekin.
Gainditu gabeko oztopoak
Edonola ere, bi adierazpenek badituzte haien alde ilunak. Gazako neskek, adibidez, ezin dituzte parkourra eta breakdance-a egin. Komunitatearen presioa handiegia da, eta Ahmeden arabera, inork ez du presioei aurre egiteko adorerik. Ezta berak ere: "Neska asko etortzen zaizkigu breakdance-a ikasi nahi dutela esanez, baina ezetz esan behar diegu. Neska bat onartuz gero, taldea desegiteko agindua emango ligukete".
Kritika-jasa handiena, baina, Gazako ekintzaile politiko batzuen partetik etorri zaie. Izan ere, Mendebaldeko ohiturak hartu dituztela egozten diete breakdance eta parkour taldeei. "Hasieran esaten ziguten Palestinako kultura arriskuan jartzen ari ginela. Orain, berriz, apolitikoegiak garela. Ezjakintasunak beldurra eragiten du", uste du Ahmedek. Gazte dantzariak ez ditu halako kritikak onartzen: "Ez diogu gatazka politikoari bizkarra eman, baina erresistentzia egiteko modu asko daude", erantsi du.
Bi taldeek nahiago dute Khan Yunisen famatu egin dituen "gazte gaiztoak" esapidea erabiltzea. Behin adineko andre batek hala egin zien oihu, eta, orduz geroztik, beren egin dute espresioa. "Teilatu batetik bestera salto egiten ikusi gintuenean: ‘Erotuta zaudete zuek! Gazte gaiztoak!’ esan zigun", gogoratu du Mohamedek. Parkour eta breakdance taldeei izugarrizko grazia egin zien adierazpenak. Ahmedek barre egiten du pasarte hura gogoratzean: "Gaiztoak? Ez dakit zergatik! Gazte bihurriak besterik ez gara. Gazan bizitzeak egin gaitu errebelde".