Gazak 'Eurovision' alternatiboa ospatu du

Israelen ospatuko den nazioarteko musika jaialdiaren harira, musikari lokalek kontzertu sorta eskaini dute, herrialde palestinarrak berriki jasan dituen bonbardaketak salatzeko.

"Gazak kantatu egiten du, bakea maite du eta Israelen okupazioa zuritzen duen edozein kanpaina gaitzesten du, bere krimenak musikaren eta artearen bitartez salatuz". Hitz horiekin aurkeztu zuen asteazken honetan Jusour musika taldeko partaide Kamel Musallamek Gazan ospatu berri duten Eurovision alternatiboa. Hain zuzen, Gazako musika talde lokal ugari bildu ziren bonbardatutako eraikinen aurrean, musikaren bitartez Israelen okupazioa eta indarkeria salatzeko.

Hain zuzen, atzo hasi zen Eurovision nazioarteko musika jaialdia, Tel Aviv hirian, Gazatik 70 kilometrotara. Jaialdi alternatibora 150 lagun inguru hurbildu ziren, eta musika palestinarraz gozatzeko aukera izan zuten, hain zuzen Israelek bonbardatu aurretik etxebizitza eraikin izandako Abu Qamar dorrearen hondakinen gainean, hiriburuan.