Gaurtik larunbatera izango da Feministaldia Donostian, etxebizitza erdigunean dela

Etxebizitzaren auzia, duin bizitzeko alternatibak, hirien krisi sistemikoa eta erresistentzia-guneak jarriko dituzte erdigunean.

Eh! Txe Txe! izango da gaurtik larunbatera arte iraungo duen Feministaldia, Kultura Feminista, jaialdiaren XXI. edizioaren leloa. Aukeratu duten leloak gauzainaren giltzaren soinua dakar gogora: "Lehen gauzainak astintzen zituen giltzak, herriak gauero jakin zezan babestuta egingo zuela lo. Gaur herriak astintzen ditu, «klinklinklin» duin bizitzeko alternatibak aldarrikatu eta erresistentzia guneak pentsatzeko. Etxe bat edukitzearen eta etxe horretan bizi ahal izatearen aldeko aldarria; gure auzoetan bizitzearen aldeko oihua, eh! txe txe!", azaldu dute antolatzaileek.

Etxebizitza, duin bizitzeko alternatibak eta erresistentzia guneak pentsatzeko premia izango dira jaialdiaren ardatz nagusiak, baina beste hainbat ertz ere jorratuko dituzte: etxe barruan egiten ditugun ekoizpen lanak, auzoak arkitektura sozialaren ikuspegitik pentsatzeko saiakerak, etxeko langileen borrokak, etxeen paretak egin eta desegiteko proposamenak…

40 gonbidatutik gora izango dira bertan, alor askotarikoak: artistak, poetak, aktibistak, filosofak, musikariak... Hauek izango dira horietako batzuk: Emagin eta Emakumeon Mundu Martxa, Saretxe, Stop Desahucios Gipuzkoa, Bizilagunekin, Lore Caballero Barandiaran, Kurdistango Askapenerako Emakume Mugimedua, Miren Jaio eta Josu Bilbao, Samantha Hudson eta Maria Barrier, Eddi Circa, Madrilgo etxebizitzen kolektiboa, María García Ruiz eta Sarah Carmona…

Gaur, Guardetxean, Gure kasa eraiki ikastaroa egingo dute. Lantegi praktikoa izango da, eta parte-hartzaileak zurgintzan, elektrizitatean eta iturgintzan trebatuko dira.

Bihar eta etzi, Kontadores Gazte zentroan, migrazio-esperientziek gure historiarekin dugun harremana nola eraldatzen
duen aztertuko dute, arkitektura sozialaren bidez etxe hutsak nola berreskuratu planteatuko dute, eta etxe barrua eskultura gisa ulertzeko proposamena aztertuko dute. Bestetik, intimitatea eta etxea espazio ez-seguru gisa aztertuko dute, eta indarkeriaren inguruko hausnarketa egingo dute.

Ostiralean lurraldearen inguruko hausnarketak, mugitzen diren herriak, zapalkuntzei aurre egiteko bizimoduak eta borrokak izango dituzte hizpide. Horrekin batera, Andrea Berbois eta Megan Mercuryren musika emanaldiak izango dira.

Larunbat arratsaldean gala egingo dute Antzoki Zaharrean. Egitarau anitza izango da, hainbat alderdiren bueltan: Maider Arregiren bertso-sorta, Samantha Hudsonek eta Maria Barrierrek egiten duten Bombificadas podcasta, etxebizitzaren auzia Donostian, okupazioaz harago etxe eta auzo biziak sortzea, etxebizitza komunitarioak... Gauerdian DJ jarduna izango da Guardetxean.

Jaialdiari abenduaren 18an emango diote itxiera betea. Scala proiektuan parte hartuko duen Sarah Rasines artistaren soinu-esperientzia murgiltzailea inauguratuko dute Tabakaleran, eta otsailaren 28ra arte egongo da zabalik. Entzute saio berezia egingo du artistak, eta Olatz Ocerinekin Artxibo bat, etxebizitza sozialerako bi proiektu aurkezpen eta solasaldia egingo dute. Aurretik

Donostiako kaleetan barrena ibiliko dira Arkitetak taldearekin, "hiria krisi sistemikoaren biktima dela agerian uzteko". Azkenik, Putas Amak taldea eta MaKeda DJa izango dira Egiako Le Bukowski tabernan.

Emanaldietako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Feministaldiaren webgunean eta sare sozialetan emanaldien jarraipena egiteko aukera izango da.