Gaurtik azaroaren 23ra euskal antzerkigintzaz gozatzeko garaia izango da Azpeitian
Hamahiru antzezlanen emanaldiak antolatu dituzte, eta baita mediazio saioak eta tailerrak ere.
Gaur hasiko da Euskal Antzerki Topaketen 43. edizioa Azpeitian, Axut! eta Artedrama konpainiek Nor naizen baneki antzezlana taularatuko dute ikasleentzat Soreasu Antzokian. Ondoren, antzezleekin eta sortzaileekin solasaldia egingo dute, sormen prozesuaz hitz egiteko eta gaian sakontzeko. Bihar ere egingo dute emanaldia helduentzat, 19:00etan.
Azaroren 23ra arteko epean hamahiru antzezlan plazaratuko dituzte. Horretaz gain, beste dozena bat antzezlan ere antolatu dituzte eskola antzerkiaren programaren barruan.
Honako antzezlan hauek parte hartuko dute, besteak beste, topaketetan: Kamikaz Kolektiboaren Renata; Amahiru konpainiaren Igogailu batean amaitu zen mundua; Tartean Teatroaren Ai gure juaneteak!; Goitiberaren Eraitsi S.L.; Ttanttaka Teatroaren Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?; Sustrai Teatroaren Gizon gosetuak; Dxusturi Teatroaren eta Horman Posterren Rikardo III eta ni; Zurrunka Teatroaren Gure Kanoa; Dejabu Konpainiaren Itzulera; Infinitu Dramaren Adarbakarra; Eromen Elkartearen Burugabeak.
Soreasun izango dira emanaldi gehienak, baina formatu txikiagokoak Dinamoa sormen gunean eskainiko dituzte, ostegunetan. Horrez gain, Sanagustin kulturgunean eta plazan egingo dituzte bi.
Familiekin tailerrak ere egingo dituzte: itzalen zenbait teknika jorratuko dituzte Dinamoan, eta paisaiak landuko dituzte eskola umeekin.
Topateken azken egunean, Ikusleen Saria banatuko dute. Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa.
Sormen egoitzen babesa
Azpeitiko Kulturaz Kooperatibak sormen egoitzak eskaintzen ditu "sormen prozesuak ahalik eta modu osoenean babesteko". Aurtengoan Nor naizen baneki, Adarbakarra eta Kaka izan dira parte-hartzaileak. Topaketetan ikusi ahal izango dira lan horiek eta mediazio saioak egingo dituzte ikastetxeetako eta udal euskaltegiko ikasleekin. 
AEK-Korrika kultur sorkuntza beka irabazi zuen Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabal azpeitiarren Kaka proiektuak. “Inork kakarik egiten ez duen mundu batean, eta kaka existitzen ez den mundu batean, herri bateko plazan kaka mokordo bat agertuko da. Thriller-komedia da bat da, eta pixkanaka joango gara deskubritzen zergatik ez den kakarik egiten, zer gertatu den”, azaldu dute.
Bi aktoreak beste antzezlan batean ere ariko dira topaketetan: azaroaren 2an, Kamikaz kolektiboaren Renata lanean.
Sarrerak webgunearen bidez
Sarrerak antzerki topaketen webgunean eros daitezke. Helduentzako sarrerak 10 euro balio ditu, eta haurrenak 5. Dinamoko eta Sanagustineko emanaldien prezioa 8 eurokoa izango da. Kultur bonua izanez gero, doakoak dira emanaldiak. Itzalen tailerra ere doakoa izango da, baina gonbidapenak hartu behar dira topaketen webgunean.