Gaur Twitch-eko "streamer" eta erabiltzaileak greban daude

Gaur Twitch-eko "streamer"-ak greban daude, baina zein da arrazoia?

Twitch bere garairik onena bizitzen ari zela zirudienean, plataformaren sortzaileek hainbat aldaketa egin dituzte erabiltzaileek begi onez ikusi ez dituztenak. Harpidetzen prezioan aldaketak egon dira eta ondorioz streamer-ek diru gutxiago poltsikoratzen dute.

Ez da hau, ordea, arrazoi bakarra. Izan ere, alde batera denbora luzez utzi duen gai delikatu bati ere irtenbidea topatu behar baitio streaming plataforma ospetsuak: erabiltzaile ugariren artean baztertuta dauden taldeekiko edo streamer txikiekiko dagoen gorrotoa.

Plataformak bere Twitter-eko kontutik abuztuaren hasieran ziurtatu zuen streamer txikiei milaka erabiltzaileren aldetik egiten zitzaien jazarpenen berri bazutela. Zentzu horretan, euren iragazkiak hobetuko dituztela zin egin dute, gorroto mezu hauek zabaldu ez daitezen. Hori bai, argitu dute denbora bat beharko dutela horretarako.

Irtenbidea topatze lanetan zebiltzala iragarri bazuen ere plataformak, Twitch-eko komunitatearentzat ez da nahikoa. Plataformak iragarki hori egin eta bi astetara erabiltzaile eta streamer-ek #ADayOffTwitch kanpaina martxan jarri zuten. Honela, erabaki da, gaur, irailak 1, Twitch-eko erabiltzaile eta streamer-ek greba egitea. Honela, milaka streamer-ek ez dute zuzenekorik egingo eta bere jarraitzaileei ere eskatu diete gaur Twitch-en ez sartzeko.