Gaur hasiko dira Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldiak

Otsailaren 15etik martxoaren 21era bitarte, Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldien 36. edizioa egingo dute. Aurtengoa, gainera, jaialdi tristea izango da, jardunaldien sortzaileetako bat izandako Jose Maria Cornago jauna izango baitute gogoan —iaz zendu zen—. Orotara hogei ikuskizun baino gehiago aurkeztuko dituzte.



Urtero bezala, Eibarko antzokietan hamaika obra ikusteko aukera izango da datorren hilabete osoan zehar, Eibarko Nazioarteko Antzerki Jardunaldien baitan. Heldu nahiz haurrentzako emanaldiak, giza estatuen erakusketa eta Antzerkia zinea izeneko zine zikloa eskainiko dituzte 36. edizio honetan.

Baina aurtengo kartelak iradokitzen duen moduan, datozen jardunaldiek kutsu tristea izango dute, Jose Maria Cornago, ekimenaren sortzaileetako bat izandakoa, iazko urrian zendu baitzen. Hura gogoan, Euskal Herriko eta atzerriko konpainiek beren lanak aurkeztuko dituzte.

Denetarik
Une honetan antzerkiak bizi duen errealitatea islatzeko asmoz, genero ezberdinetako obrak eta ikuslego anitzari zuzendurikoak izango dira ikusgai. Esaterako, La Chana Teatro konpainiak Gaudeamus el Licenciado Vidriera, Cervantesen obra klasikoa, eskainiko du, edota umeei zuzendurik Munduari itzulia antzezlana taularatuko du Teatro Gorakada konpainia bizkaitarrak.

Euskal ekoizpenei dagokienez, hain zuzen, beste bi konpainia ere hurbilduko dira zitara: Gipuzkoako Ttanttaka Teatroak Bartzelonako Teatre Tarantanarekin eta Valentziako Albena Teatre konpainiarekin batera prestatutako Gauerdian lana aurkeztukod u, eta Tartean Teatroak, bestetik, Lingua Nabajorum antzezlana eskainiko du.

Eskaintza oso zabala izango da, eta sarrerak, gehienez ere, 15 eurotan eskura daitezke. Lanak Coliseo Antzokian eta Eibarko Hezkuntza Gunean aurkeztuko dituzte. Animatu antzerkiaz gozatzera!