Gaur hasiko den Euskal Encounterrean aurkeztuko dute Euskaltweetrona
Azkue Fundazioak, Gaztebizzek eta BiscayTIK Fundazioak Euskaltweetrona prestatu dute aurtengo Euskal Encounterrerako. Euskal hashtag-ak benetako krispeta edo palomita bihurtuko dituen makina da, hain zuzen, bertan ariko diren lagunei euskal energia emango diena. Gaur bertan hasiko da Euskal Encounter, eta datorren astelehenera bitarte BECen bilduko dira informatikaren munduko aditu, profesional eta baita zaletuak ere.
20. urteurrena du aurten Euskal Encounterrak, informatika aditu eta profesionalen bilerak, eta data bereziaren harira, 20 gigako abiadura izango dute eskura bertaratuek Sarean nabigatzeko. Urtez urte programazio, online joko eta deskarga zale gehiago hurbiltzen dira zita berezira, eta BECeko aretoa erabat betetzen dute lau eguneko topaketetan.
Haiekin batera, gainera, erakunde eta enpresek ere beren lekua izaten dute Euskaltel Fundazioak antolatutako ekimenean. Aurtengoan Azkue Fundazioa, Gaztebizz eta BiscayTIK Fundazioa elkarlanean aritu dira eta Euskaltweetrona izeneko aparailua prestatu dute.
Nagusiki, bi helburu ditu: euskarak sarean duen presentzia handitzea eta Twitter plataforma laster euskaraz erabilgarri izango dela ospatzea.
Nola funtzionatzen du Euskaltweetronak? Erabiltzaileak Twitter plataforman sartu behar dira, eta bertan, euskarazko tweet bat idatzi. Horri honako hashtag-etako bat gehitu beharko diote: #euskaltweetron, #euskalencounter, #ee20 edo #twittereuskaraz. Horixe egindakoan, makina martxan jarriko da, eta krispeta bat egingo du jasotako tweet bakoitzeko.
Beraz, bertara hurbilduko diren lagunek energia positiboz beteriko euskal krispetak dastatu ahal izango dituzte, eta nabigatzen jarraitzeko indarrak hartu. Euskaraz aritzeak tripa betetzen lagunduko digu! Animatu!
Eta gainera
Lau eguneko Euskal Encounterrean eszenaren, teknologien, jokoen eta beste hainbat alorretako baliabideekin aritzeko aukera izango duzu. Besteak beste, artea, animazioa, musika digitala, hardware eta software askea, joko onenen txapelketak prestatu dituzte antolatzaileek.
Orotara, 50.000 euro baino gehiago banatuko dituzte saritan, eta bertaratuek teknologia berrienekin gozatu eta Internet bidez nabigatzeko aukera izango dute.