Gaur hasiko da Tolofolk jaialdia Tolosan
Euskal Herriko zein nazioarteko artisten emanaldiak izango dira egunotan.
ToloFOLK jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko da Tolosan gaur hasi eta igandera bitartean. Kuba, Galizia, Asturias eta Kataluniako musikariak arituko dira eta baita Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hainbat talde ere. "ToloFOLK tolosarron agendan hitzordu garrantzitsua bilakatu da dagoeneko. Folk musikari ikusgarritasuna emateko, herria biziberritzeko eta herriko kultur eskaintza osagarritu eta indartzeko helburuarekin sortu zen jaialdia iaz, pandemia garaian bete-betean, baina denboran irauteko helburuarekin. Tolosa kulturalaren aldarrian, iaz egindako apustua berretsiz, Tolosako plaza eta eremu ezberdinak hartuko ditu beste behin jaialdiak, Tolosa girotzeko xedearekin, kulturari eta kultura herrikoiari dagokion espazioa eta oihartzuna emateko. Iazko arrakasta ikusita ziur naiz aurtengoan ere guztiok gozatuko dugula antolatutako egitarauarekin” nabarmendu du Olatz Peon alkateak.
Gaur emango diote hasiera egitarauari, 20:30ean, Topic-en. Ahaztutako soinuak izenburupean, Galiziako Abraham Cupeiro, Margarida Mariño eta Sabela Caamaño izango dira oholtzan. Abraham Cupeiro multiinstrumentista eta instrumentu-egilea da, eta denborarekin galdu diren instrumentuak berreskuratzen ditu doinu berriak sortzeko. Mariño biolontxelista eta Caamaño akordeoilaria izango ditu alboan jardun horretan.
Bihar, osteguna, Caroline Phillips eta Mixel Ducau Lapurdiko bikote ezaguna arituko da Plaza Berrian, 20:00etan. Ostiralean saio bikoitza izango da: Xabi Aburruzaga Bandek kontzertua eskainiko du Leidorren, eta ondoren folk kubatarra izango da entzungai Frontonen, Habana 3ren eskutik.
Larunbat goizean Kalepoza izango da Tolosako kaleetan. Hainbat lagun eta osagai ditu taldeak: Asturiasko gaiteroak, Kataluniako grallerrak, Tolosaldeko txistulariak eta dultzaineroak, Udaberriko fanfarrea... . Arratsaldean, berriz, saio bikoitza izango da Euskal Herria Plazan: Yesun Erdene Mongoliako musikari, kantu-irakasle eta bakarlaria arituko da taulagainean, eta, ondoren, Iraide Ansorena tolosarraren Khami folk taldeak eskainiko du kontzertua.
Amaitzeko, igande arratsaldean iparraldeko folka izango da Plaza Berrian: Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Etxekopar artista zuberotarrek eta Xendarineko ahizpa kantariek partekatuko dute agertokia.
TOPICeko eta Leidorreko emanaldiak izan ezik, gainerako guztiak doakoak eta irekiak izango dira herritar guztientzat. Euria eginez gero, emanaldiak Berdura plazan egingo dira.