Gaur hasiko da Surfilmfestibala

Ekainaren 22tik 26ra bitartean egingo dute aurtengo 14. Surfilmfestibala, Donostian; aurten, jaialdiak helburu berria jarri dio bere buruari: surf kulturarekin gozatzen duen gazte jendea kateatu nahi dute.

Ekainaren 22tik 26ra bitartean egingo dute aurtengo 14. Surfilmfestibala, eta dagoeneko aurkeztu dute edizio honetako irudia. Miguel Brievaren ilustrazio bat da; satira moduan aurkezten du surflari libre eta "korporatiboen" arteko lehia. 2020ean Japonian gertatuko dena salatu du Brievak; Olinpiar Jokoetako arraun-pista egiteko, hiru olatu perfektu suntsituko dira Tokyon.

Osaki, Kabune eta Inamura olatu garrantzitsuak dira Japonen, eta mundu osoko surflariek ezagutzen dituzte. Olinpiar Jokoetarako eraiki nahi duten espigoiak, hiru olatuak izorratuko lituzke. Kostaldeak hondatzen dituzten esku-hartzeen aurka agertu da film jaialdia. Gainera, surfa Olinpiar Jokoetan sartzeko proposamena aztertzen ari direla gogoratu du jaialdiak. Antolatzaileen esanetan, gizartearen neurosiaren adibide perfektua da Tokyokoa: "Naturak eskaintzen dizkigun harribitxiak suntsitzen ditugu, aldi berean, ingurune naturalen itxurako egitura artifizialak sortzeko. Kontraesan honekin bizi beharko du surf munduak, dioten bezala, kirol olinpiko bihurtzen badute".


EGITARAUA

Ekainaren 22rako Olatu Garbiak ekimena antolatu dute Aquariumean. Aurten bi zati izango ditu: SurfilmPRO atalean, Ikerkuntza + Garapena, material jasangarriagoen inguruko ikerketak eta ekonomia zirkularra izango dituzte hizpide. Bestalde, ingurugiroa eta itsasoarekin zerikusia duten proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, bideoekin tartekatuz.

Albaola Itsas Kultur Faktoria eta San Juan baleontzia ere jaialdiaren zati izango dira aurten. Bertan, Abentura Ozeanikoa proposamena aurkeztuko dute: surflariek sortutako ikus-entzunezko materiala, hitzaldiak eta musika eskainiko dituzte, bertako ekoizle txikiek eskainitako jan eta edanarekin lagunduta. Ekainaren 24an egingo dute saioa, San Joan egunean. Sarrerak webgunean jarriko dituzte salgai aurki.

Ekainaren 25ean Groseko hondartzan, Zurriola Hang Out ekimena jarriko dute martxan, Gozamen kolektiboaren eskutik. Belaunaldi zein jatorri askotako surflariak borroka bizian arituko dira, 2016ko Zurriolako Olinpiar Jokoak irabazteko saiakeran. Modu parte-hartzaile eta dibertigarrian bukatzeko, Surf Kolapso antolatuko dute: itsaso zabal, urertz eta hondargune guztiaren inbasioa.

Hondartzatik Antzoki Zaharrera pasako dira larunbat gauean, Berotze Lokala atala eskainiz. Igandean bi saio egingo dituzte: gaztetxoei eskainitako Groms Attack, eta jaialdia ixteko, zinea eta zuzeneko musika elektronikoa nahasten dituen proposamen oso berezia.

Belaunaldi aldaketa

Aurten, jaialdiak helburu berria jarri dio bere buruari: surf kulturarekin gozatzen duen gazte jendea kateatu nahi dute, antolatzaileek hastapenetan izan zuten ilusio eta energia bera dutenak. Jarraitzaile eta parte hartzaile berriak erakartzeko, #izanezberdin  film laburren txapelketa bat antolatu dute. Bestalde, hondartzan antolatutako jardueratan, 12-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendurtako proposamenak eskainiko dituzte.


SURFZILLA - SURFILMFESTIBAL IS ON THE WAY TO IT´S 14 EDITION from Surfilmfestibal on Vimeo.