Gaur hasiko da Lekeitioko 46. Euskal Zine Bilera

Proiekzio, solasaldi eta tailerrak izango dira igandera bitarte.

Lekeitioko Ikusgarri zine aretoak  Euskal Zine Bilerari irekiko dizkio ateak gaurtik igandera, eta lau egun hauetan euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta sorpresaren bat ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Guztira 19 film izan dira sail ofizialeko lehiaketan eta sari banaketa larunbatean egingo dute, Ikusgarri zine aretoan, Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuta.Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak banatuko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio. Epaimahaia Alaitz Arenzanak, Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoak, Ramon Agirre  aktoreak eta Nerea Alberdi konpositoreak osatuko dute. 

Sail Ofizialean ondorengo film laburrak proiektatuko dituzte, besteak beste: Alex Telloren Ni, Miren; Kim Maiteniren Betizu Buru; Ane Rotaetxeren Kosmikoa; Inge Arinen Ahots Hariak; Negu Kolektiboaren Laiotz; Mikel Alvarezen Mundu berri bat; Sonia Estevezen Malkoak; Mikele Landaren Noizko basoa; Lara Izagirreren Pelikula baten bila; Ane Zulaikaren Emakumeak Blai; Peru Galbeteren Bide Bazterrean Hi eta Ni Kantari; eta Iban del Camporen Sorbeltza

Bestetik, Estibaliz Urresola Solaguren zuzendari, gidoilari eta ekoizlearekin solasaldia egingo dute “Zinegilea ezagutu” atalean.  Gentzane Agirre kameralariak eta Raul Barreras muntzaileak gidatuko dute solasaldia.

19. Kameratoiaren sari banaketa ere egingo dute igandean. Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a da Kameratoia, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten dutena. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko. Estibaliz Urresola eta Aitzol Saratxaga zuzendariak izango dira epaileak. Honetaz gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik.

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.