Gaur hasiko da Iruñeko Irriziklo, umorezko emanaldien zikloa

Askatasun sexualari eta identitateari buruzko antzezlana eskainiko dute gaur.

Irriziklo egitasmoa hasiko da gaur eta apirilaren 20ra bitarte umorezko hiru emanaldi eskainiko dituzte Nafarroako Antzerki Eskolan. Saio guztiak arratsaldeko zazpietan izango dira.

Gaur izango da lehen hitzordua, eta La Piel Producciones taldeak askatasun sexualari eta identitateari buruzko Askatu. Armairuko gogoetak taularatuko du. Ricardo eta Vanesa dira protagonistak, biak leku bero eta bigun batean daude, oso eroso sentitzen den jendez betetako lekuan. Kanpora irtetea pentsatuko dute, ordea. Fermin Cariñenak zuzendu du sorkuntza, Xabier Framarique arduratu da dramaturgiaz, eta Jaione Urtasun eta Txetxu Collado dira antzezleak.

Martxoaren 13an izango da bigarren saioa, eta bertan Anodino Teatroak Obsoletus pieza eskainiko du. Lokarturiko Gandhi-ei eta ustezko terroristei buruzko komedia bat da: "Fabrikaren ixtearekin sortutako protesta jendetsua, denborarekin guztiz ahulduta dago, eta Ione eta Elias bakarrik geratzen dira. Baina Txarlik itxaropena dakar, hitzemateak lortu ditu… baldintza bakar batekin: berehala utzi behar dute protesta". Borrokak edo aldarrikapenak zentzurik baduen ala zaharkitua geratu ote den planteatzen du lanak. Pako Revueltasek zuzendu du eta Aiora Sedano, Aitor Fernandino eta Juanjo Otero dira aktoreak.

Azkenik, martxoaren 20an, Txalo produkzioak taldeak Almazenean antzezlana erakutsiko du. Erretreta hartzeko dagoen arduraduna gorpuztuko du Iker Galartzak eta bere lanpostuan ordezkatuko duen pertsonaia, berriz, Zuhaitz Gurrutxagak. Bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean. Baldintza guzti horien baitan, bi langileen arteko harremana estutu egingo da eta amankomunean daukaten horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientzia. David Desola idazle kataluniarrak sortu eta Begoña Bilbaok zuzendutako komedia honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz egiten du hausnarketa. 

Emanaldietarako sarrerak leihatilan edo www.laescueladeteatro.com webgunean eros daitezke, bost euroan. Bonoak, berriz, hamabi euroko prezioa du.