Gaur hasiko da Huhezinema euskal film laburren jaialdia

32 lan ikusi ahal izango dira eta ostiralean egingo dute sari banaketa.

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiari  hamaseigarren edizioari ekingo diote gaur Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Guztira, 84 lan aurkeztu dira lehiaketara eta horietatik 32 pasatu dira finalera, sail desberdinetan. 

Sail Ofizialean hamar film proiektatuko dituzte: Estibaliz Urresolaren Cuerdas, Aitzol Saratxagaren Lanbroa, Ana Lambarriren 36,  Eñaut Castagneten Muga, Pedro Rivero eta Kevin Iglesiasen Los dias que (nunca) fueron, Natxo Leuzaren Our Voices, Maider Oleagaren Irrits, Paula Iglesias eta Marta Gomezen Hondarrak, Leire Egañaren Erlojupekoa, eta David Gonzalezen Siempre lunes.

Ikasle sailean hamar lan izango dira eta bideoklipenean hamahiru. Zerrenda osoa hemen kontsulta daiteke. 

Egitarauari dagokionez, Ikasle Sailaren proiekzioa egingo dute gaur arratsaldeko hiruretatik aurrera, eta sei eta erdietan emango dituzte bideoklipak. Zortzietan poteoa egingo dute.

Bihar, osteguna, senior proiekzioa egingo dute 10:30ean, eta eguerdian, 12:30ean, ardo dastaketa Aretxabaletako campusean. Elkarrizketa ere izango da, Ane Aseginolaza eta Arantxa Monuxekin, 16:30ean, eta Mari filma emango dute 18:00etan. Azkenik,  Jone Markuleta, Mikel Garai eta Mariasun Pagoagaren solasaldia izango da, 19:15ean.

Ostirala izango da azken eguna. Sail ofizialaren proiekzioa egingo dute 14:30ean eta 16:45ean, eta 19:00etan sari banaketa. Jarraian mokadutxoa izango da eta jai giroa nagusituko da ondoren: 21:30ean, elektrotxaranga ElektroPottotterekin, eta 23:30ean, Julen DJa, Ezkutu tabernan.

Epaimahai ofiziala honako hauek osatuko dute: Andoni Imaz, kazetaria eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle ohia; Nagore Eceiza, film zuzendaria, eta Kepa Errasti, aktorea eta gidoilaria. Lau mila euro inguru banatuko dituzte saritan.