Gaur hasiko da Getxoko Komiki Azoka
40 saltoki izango dira azokan eta, horretaz gain, hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak, erakusketa eta haurrentzako tailerrak izango dira.
Getxoko XIX. Komiki Azoka Areetako Geltokia plazan kokatuko dute gaurtik igandera bitartean. 40 saltoki jarriko dituzte eta merkataritza-gune hori goizez eta arratsaldez egongo da zabalik. Horretaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira Romo Kultur Etxean: sinatze-txandak, hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak, tailerrak, erakusketa, etab.
Azokan parte hartuko duten egileen artean honako hauek izango dira, besteak beste: Kim, Sara Soler, Javier Olivares, Joseba Larratxe, Unai Elorriaga, Josune Urrutia, Asier Iturralde Gaston, Alex Orbe, Koldo Azpitarte, Elsa Ruiz, Simonides, Monica Lalanda, eta Luis Bustos. Hainbat egileren sinadurak lortzeko aukera ere izango da gaur eta bihar.
Jarraitu Inurriari komikiaren aurkezpena egingo dute Alex Orbe eta Unai Elorriaga egileek Romo Kultur Etxean, 17:15ean. Jarraian, Z aldizkariaren inguruko mahai-ingurua egingo dute eta 19:00etan Komiki Azokaren sari banaketa izango da. KIM eta Ernesto Murillo Simonides-ek jasoko dute saria. Eguna amaitzeko, Josune Urrutia, Monica Lalanda, Iñaki Gutiérrez eta Koldo Azpitarte medikuntza eta bineten loturaz solastuko dira.
Bihar, larunbata, egitaraua bete-betea izango da. Goizean ilustrazio eta komikiaren profesionalizazioz arituko dira Asier Iturralde eta Joseba Larratxe, beste batzuekin batera. Komikiari eta ilustrazioari buruzko saio magistrala eskainiko du Puñok 12:00etan, eta Javier Olivares eta Luis Bustosekin topaketak egingo dituzte ondoren. Arratsaldez, euskal komikiaren ibilbidez arituko da Mikel Begoña pertsonaien ikuspuntutik jorratuta, eta topaketak izango dira Santiago Sequeiros, Sara Soler, Aroha Trave eta Rosa Codina sortzaileekin. Horretaz gain, komikien argitaletxeen inguruko mahai-ingurua egingo dute eta baita aurkezpen bat ere.
Igandean, berriz, komikiaren hastapenei buruzko haur tailerra izango da, goizez eta arratsaldez, eta baita eurei zuzendutako kamisetak margotzeko tailerra ere. Bi topaketa ere egingo dituzte goizean, formatuetan sakondu eta proiektuekin zer egin jakiteko. Arratsaldean autoedizio tailerra eta tailer feminista egingo dituzte.
Banpiroak 25 emakumezko artisten ikuspegitik
Odol tinta: banpiroari omenaldia erakusketa ere jarriko dute martxan gaur, eta urriaren 24ra arte egongo da zabalik Romo Kultur Etxeko erakustaretoan. Banpiroa izango da protagonista erakusketan eta "honek berezkoa duen erotismoaren eta misterioaren aureola oso presente egongo da".
Komikiari, ilustrazioari eta diseinuari lotutako 25 emakumezko artista ospetsu eta hasiberriek parte hartuko dute erakusketa horretan, eta fantasiazko generoaren funtsezko ikono horretan inspiratutako irudiak egin dituzte, Bram Stokerren Drakula betierekoari begira. Horrela, Higinia Garay, Quan Zhou, Raquel Alzate, Laura Perez, Josune Urrutia, Ane Pikaza, Irene Marquez eta Conxita Herreroren arte banpirikoaz gozatu ahal izango da erakusketan, eta baita Carla Berrocal, Natacha Bustos, Olga de Castro, Sara Bea Delgado, Genie Espinosa, Ana Galvan, Susanna Martin, Raquel Meyers, Klari Moreno, Mamen Moreu, Mireia Perez, Miriam Persand, Ana Oncina, Ana Belen Rivero, Clara Soriano eta Sandra Uverem artisten lanaz ere.