Gaur hasiko da Gasteizko Magialdia
Magiaren munduko 42 profesional eta ia 500 kongresukide izango dira bertan.
Magialdiaren XXXV. edizioa gaurtik igandera bitarte izango da martxan eta ekitaldi gehienak publiko orokorrari zuzendutakoak eta doakoak izango dira. Horien artean, gertuko magia-ibilbideak, magia erakusleihoetan eta galak daude.
Nazioarteko Magia Jaialdiaren edizio honetan magiaren munduko 42 profesional izango dira, hainbat lekutatik etorriak. Artista horien artean honako hauek izango dira: Estatu Batuetako Armando Lucero, Hego Koreako Young Min, Peruko Gisell, Ingalaterrako Ben Daggers, Txekiar Errepublikako Ondrej Psenicka eta Brasilgo Alain Simonov. Peio Rivas, Asier Kidam eta Isaac Juradok ere parte hartuko dute.
Bestetik, estatuko eta nazioarteko ia 500 kongresukide bilduko dira Europa Kongresu Jauregian egingo duten programa profesionalean. Hitzaldiak egingo dituzte, liburu-aurkezpena, Azoka Magikoa eta bisita kulturalak ere bai.
Gainera, NHK telebista publiko japoniarreko lantalde bat ere bertaratuko da, jaialdiaren jarraipena egitera, eta hiriari eta Magialdiari buruzko programa berezi bat emango du Japonian.