Gaur hasiko da Dantza Hirian jaialdiaren VII. edizioa

Mugaren bi aldeak batzen dituen dantza jaialdia da Dantza Hirian, eta paisaia urbanoetan, erabat dohain, beren ikuskizunak aurkeztuko dituzte nazioarteko nahiz bertako hamabi dantza konpainiak. VII. edizioa da aurtengoa, eta zortzi hiritan banatuko dituzte emanaldiak, besteak beste, Donostian, Baionan, Irunen eta Donibane Lohizunen. Hamar eguneko jaialdiak irailaren 22ra bitarte iraungo du, eta dantza, arkitektura eta ikuslegoa beteratzea du helburu.


Herri bakoitzean giro berezia sortuz, proposamen artistiko ugari eskainiko ditu beste urte batez Dantza Hirian jaialdiak. Gaur egungo dantzaren munduan ospe handia duten profesionalen eskutik, ikuskizunetatik haratagoko egitarauaz gozatzeko aukera izango da Donostian, Irunen, Donibane Lohizunen, Errenterian, Biarritzen, Azkainen, Hendaian eta Baionan.

Aurtengoan, gainera, aipatzeko da San Telmo Museoak, Baionako L'Atalante zinemak eta Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak egitasmoarekin bat egin dutela, eta horrek jaialdi osatuagoa eskaintzeko parada eman die antolatzaileei.

Beraz, hainbat proposamen paralelo prestatu dituzte: ikastetxeentzako programa berezitua; irailaren 7tik 20ra bitarte Donostiako San Telmo Museoan ikusgai izango den erakusketa, Gorka Bravo argazkilariak osaturikoa; Donostian eta Baionan, irailaren 7an eta 20an, hurrenez hurren, eskainiko duten bideo zikloa; eta Baionan irailaren 22an egingo duten mahai-ingurua, besteak beste.

Ikusleak dantzara
Ikuskizunak sentitu, bizi eta ikusteaz gain, aurtengoan dantza egiteko aukera ere izango dute ikusleek. Donostian Maura Morales kubatarrak eskainiko du Masterclass saioa, eta Biarritzen, aldiz, Jon Maia dantzari errenteriarrak.

Euskal Herritik nahiz nazioartetik etorritako konpainiak izango dira, dena den, mundu osoan ospea eskuratzen ari den jaialdiko protagonista nagusiak; hamabi talde, orotara.

Gainera, bi estreinaldi nabarmenduko dira: Androphine konpainiaren Ceci n'est pas une performance! eta Anakrusa konpainiaren Insitu ikuskizuna.

Egitaraua


Irailak 14, ostirala
  • Donostia: 11:00-13:00. Boulevard. Androphyne taldearen Ceci n"est pas une performance!
  • Donostia: 18:00. Boulevard. Anakrusa konpainiaren Insitu.
  • Donostia: 18:40. La Bretxa. Maura Moralesen Hipocondriaca ikuskizuna.
  • Donostia: 19:00. San Telmo Museoa. La Intrusa Danza konpainiaren Rojo Manso.

Irailak 15, larunbata
  • Donibane Lohizune: 11:30. Louis XIV. Plaza. Elias Aguirreren Longfade ikuskizuna
  • Donibane Lohizune: 12:00. Louis XIV. Plaza. Francescaren I-Sola ikuskizuna
  • Irun: 18:30. Zabaltza plaza. Manuel Rodriguezen Limits ikuskizuna
  • Irun: 18:45. Epaitegi plaza. Maura Moralesen Hipocondriaca ikuskizuna.
  • Irun: 19:00. Zabaltza plaza. La Intrusa Danza konpainiaren Rojo Manso ikuskizuna.

Irailak 21, ostirala
  • Errenteria: 18:00. Xabier Olaskoaga plaza. Kukai konpainiaren Sorbatza ikuskizuna.
  • Errenteria: 18:30. Zumardia alameda. Candelaria Antelo eta Arthur Bernard Bazinen Te odiero ikuskizuna.
  • Errenteria: 18:45. Foruen plaza. Olga Clavel eta Miryam Mariblancaren Llena de flores tu boca ikuskizuna.
  • Errenteria: 19:00. Herriko plaza. El Punto Danza Teatro taldearen Animal Party ikuskizuna.

Irailak 22, larunbata
  • Baiona: 11:00-13:00. Les Halles merkatua. Androphyne taldearen Ceci n"est pas une performance! Ikuskizuna
  • Baiona: 17:30. Les Halles merkatua. Anakrusa taldearen Insitu ikuskizuna.
  • Baiona: 17:50. Montaut plaza. El Punto Danza Teatro taldearen Animal Party ikuskizuna.
  • Baiona: 18:10. Lacarre plaza. Olga Clavel eta Miryam Mariblancaren Llena de flores tu boca ikuskizuna.
  • Baiona: 18:30. Les Halles merkatua. Kukai dantza taldearen Sorbatza ikuskizuna.