Gaur hasiko da Bertsolari Gazteen XXX. BBK Sariketa

Lehen kanporaketa Markina-Xemeinen izango da, eta abenduaren 1ean amaituko da Bilbon.

Sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte sariketan, eta beraz, 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, eta honako hauek izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.

Lau kanporaketa jokatuko dira, bi finalaurreko, eta azkenik, finala. Taldekideen lana talde moduan baloratuko da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egingo du aurrera. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.

Lehenengo faseko lau saioak eskola-ordutegian egingo dira, eta ikus-entzuleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izango dira. Aurten, ordea, bi finalaurreko arratsaldez egingo dituzte, eta euskaltegietako ikasleak izango dira entzuleak. Dena den,saio irekiak izaten dira eta edonor bertara daiteke.

Urteurren jaia
Finala abenduaren 1ean izango da, 18:00etan, Bilboko BBK Salan. Sariketaren hogeitamargarren urteurrena ere ospatuko dute, sariketa amaitzean izango den ekitaldian. Sariketa honen parte izan diren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak... elkartuko dira, "egindako bidea gogoan hartu eta ospatzeko". Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria izango dira protagonistak, Idoia Anzorandia eta Igor Menikaren gidaritzapean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sorpresaz betetako jaia izango da.