Gaur egungo artista ezagunen erretratuak ikusgai Lugaritzen
Giorgio Armani diseinatzailea, Patti Smith abeslaria, Salman Rushdie idazlea, Wim Wenders eta Sidney Pollack zinegileak... Erika Barahona Edek hamaika erretratu klasiko biltzen dituen bilduma jarri du ikusgai Donostiako Lugaritz kultur etxean. Erakusketa urriaren 5a bitarte izango da bertan.
Nagusiki paisai eta arkitektura argazkigintzan aritzen bada ere, Erika Barahona Edek Eva Davidovari egin zion erretratuarekin hasi zuen orain aurkezten duen bilduma 1996an. Bildumaren hainbat atal ikusgai izan dira Parisen, Bilbon, Valentzian eta Gandian; oraingoan, baina, lehen erretratu hartaz eta beste hainbatez gain, azken argazki batzuk ere jarri ditu.
Gaur egungo artista ezagunak irudikatu ditu Barahona Edek, txuri beltzezko argazkiak denak, ahalik eta esku hartze gutxien dutenak. Pertsonaia ospetsuak izatetik haratago, argazkilari euskaldunak beren alderdi gizatiarra irudikatu nahi izan du, eta horretarako ez ditu batere bideratu beren jarrera eta aurpegietan.
Aurpegi ezagunak
Izenen zerrenda amaigabea osatu du; besteak beste, Jean Nouvel arkitektua, David Hockeney, Miquel Barcelo eta Jesus Mari Lazkano margolariak, Patti Smith abeslaria, eta Win Wenders eta Sidney Pollack zinegileen aurpegiak.
Formato handiko irudiak dira, atzealde neutroa, aurrez aurreko hartzea, erdi planoko enkoadraketa mantentzen dutenak. Irudi klasikoak, finean.
Ikusleak aurrez aurre izango balitu bezala sentituko ditu pertsonaiak, beren jarrera eta aurpegiek islatzen dutena zuzenean jasoz.
Erika Barahona Ede
Geografia eta Historian, nahiz Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko ohorezko irakaslea. Bilboko Guggenheim Museoan argazkilari lanetan dihardu, eta Argazkigintza Saila koordinatzen du.
Bere ibilbidean hainbat sari garrantzitsu ere jaso ditu, besteak beste, International World Photo Competition 1998an, edota European Award for Women Photographers 2000an eta 2002an.