Gaur amaituko da Donostia Antzerki Sarian epaimahaikide izateko izen-emate epea

2022an sarirako hautagaiak diren antzezlan guztiak ikusi beharko dira eta bakoitzaren balorazioa egin.

Donostia Antzerki Saria euskarazko antzerki profesionala bultzatzeko eta indartzeko sorturiko saria da. Urtero, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian, Donostian aurreko urtean euskaraz helduentzako eskaini den antzezlan onenari ematen zaio saria. Horretarako, epaimahaiak antzezlanak aztertzen ditu eta epaia aipatutako egunean jakinarazten da.

Epaimahaia, zortzi adituk eta publikoaren bi ordezkarik osatzen dute. Publikoaren ordezkaria izan nahi duenak, Donostia Euskaraz webgunean eman behar du izena eta gaur amaituko da horretarako epea. Izena eman dutenen artean bi pertsona aukeratuko dituzte eta zozketa bihar egingo dute. Deialdian parte ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dira: 2022ko urtarrilaren 1erako 18 urte beteak izatea, donostiarra izatea, euskara jakitea, antzerkia gustuko izatea, eta harreman zuzenik ez izatea sarian parte hartuko duten ikuskizunekin edota konpainiekin.

Epaimahaikideek Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako XXIII. Donostia Antzerki Sariko antzezlanak ikusi beharko dituzte 2022 urte osoan zehar, 15 bat antzezlan, eta bakoitzaren balorazioa egin. 2023ko urtearen hasieran gainerako epaimahaikideekin elkartu eta lan irabazlea zein izango den adostu beharko dute. 

Epaimahaikide izateak ere baditu bere abantailak, 2022an ez ezik, 2023an, Donostia Antzerki Saria dela eta, hirian eskaintzen diren helduentzako euskarazko antzezlan guztietarako bi sarrera ere jasoko baitituzte.