Gaur abiatuko da 'Zinemakumeak Gara!' zikloa Bilbon

Zortzi film luze izango dira ikusgai, baina tailerrak, mahai-inguruak eta topaketak ere antolatu dituzte. Julia Juaniz eta Lola Salvadorrek jasoko dute Simone de Beauvoir saria.

Bilboko emakumeek zuzendutako Zinemakumeak gara! zinema erakusketak beste edizio bat egingo du, azken urte eta erdian ahotan gehien erabili ditugun bi gairen inguruan: askatasunaren ideia eta urratzearen esanahia. Film labur eta luzeen proiekzioak egingo dituzte zikloan; zortzi film luzeetatik sei estreinaldiak izango dira, Malaga, Berlin, Cannes eta Donostiako jaialdietan izan direnak. Horretaz gain, tailerrak, mahai-inguruak eta topaketak izango dira, besteak beste, BBK Aretoan, BilbaoArten, Golem Alhondiga zinemetan, Campos Eliseos antzokiko Cupula aretoan eta Azkuna Zentroko auditorioan. 

Gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia BBK aretoan eta bertan Laura Sam poetak Arde la palabra ikuskizuna eskainiko du, Julia Juaniz muntatzaile nafarrari Simone de Beauvoir saria eman aurretik. Ondoren, sarituak elkarrizketa egingo dio Marian Gerrikabeitia errealizadoreari, eta hainbat zuzendarirekin izandako lan-ibilbidea errepasatuko dute. Azkenik, Gabriela Vidal eta Ines Maria Barrionuevo zuzendari argentinarren Las motitos filma estreinatuko dute. 

Bestetik, Larisa Shepitkori buruzko atzera begirako saioa egingo dute BilbaoArten, Neguko eguzkia izenburupean. Zikloan, Alas, La ascension eta Larisa proiektatuko dituzte, eta zuzendari ukrainarraren lanari buruzko hitzaldia eskainiko du Neus Sabate ikertzaileak.

Urriaren 25ean Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilariak jasoko du Simone de Beauvoir saria eta Almudena Cacho kazetariak elkarrizketa egingo dio sari banaketaren ondoren. Saioa borobiltzeko, Pilar Miroren El crimen de Cuenca proiektatuko dute. Urriaren 26an, berriz, film laburren emanaldia egingo dute Azkuna Zentroko Bastida Aretoan. Ondoren, Golem zinema-aretoetan Suzanne Lindon zuzendari frantziarraren Spring Blossom filma emango dute. 

Ainhoa Rodriguez Extremadurako zuzendariak Destello Bravío opera prima estreinatuko du urriaren 27an, eta emanaldia amaitzean Lara Izagirre (H)emen elkarteko zuzendari eta lehendakariak mahai-ingurua zuzenduko du, eta bere sorkuntza-prozesuaren nondik norakoen berri emango du. 

Urriaren 28an Rosa Maria Rodriguez Magda idazle eta filosofoak Gaiztoak, gogaikarriak edo arau-hausleak. Feminismoaren laugarren olatua hitzaldia eskainiko du eta, horretaz gain, Ayten Amin zuzendari egiptoarraren Souad filma estreinatuko dute. Urriaren 29an, azken egunean, Clara Roquet zuzendari bartzelonarraren Libertad izango da ikusgai, Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astean eta Valladolideko Seminciren inaugurazio-saioan egon ondotik.

Zinemakumeak gara programazioaren zati bat Basauri, Erandio, Portugalete, Zalla eta Mungiara ere zabalduko dute. Horrez gain, bideo-sorkuntzarako tailer bat eskainiko du Beatriz Sanchez artista eta performerrak Yohn jauregiko instalazioetan. 

Egitarau osoaren eta sarreren berri bildu dute webgunean