Gaur abiatuko da Gasteizko Magia Jaialdia
Igandera bitarte, hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango da Arabako hiriburuan.
Gasteizko Magia Jaialdiaren 34. edizioa martxan izango da egunotan, Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatuta, eta pandemia aurreko izaera izango du, programazio osoa berreskuratuko baitu.
Espainiako Estatuko zein beste herrialdeetako ilusionistek parte hartuko dute. Guztira, 200 mago baino gehiago izango dira Magialdian, profesional zein amateur, gaurtik igandera bitarte Europa Biltzar Jauregian eskainiko den programan.
Edizio honetako nobedade nagusien artean izango dira AEBetako Penn & Teller Fool Us telebista saioetarako entzunaldiak, eta Dentro de lo invisible, irailaren 12tik 14ra Santa Maria Katedraleko elizpean egingo den magia ikuskizuna.
Egitarauaren inguruko xehetasunak webgunean daude jasota.
