Gau bat Xirun



Eguna ohiko asteburu hasiera batean bezala hasi da. Eguerdi partean iratzarri, buruko minarekin eta sabela nahasia. Apenas begiak ireki, jantzi, leihotik zer aro den ikusi ondoren, eta autoan sartu. Asteburuan ez da denbora alferrik galdu behar, bakarrik etxean. Lagunak deitu, eta Jean Pierren ostatuan elkartu.

Besta biharamunez ardoa edaten da, bezperako mozkor garestia ez dadin ebaporatu. Hala egin dugu. Gaueko astakeria guztien inguruko kalakak agortutakoan, heldu den gauari pentsatu behar. Deus ez, Xiru festibala ez bada. Joanen, beraz. Arratsaldea lasaiki, edo hobeki erran, trankilki iragan dugu lau lagunen artean. Hustu eta bete; inbido eta hordago.

Gaua iristen ari da, eta behingoz, afaria gure planean sartu da. Bertso afari inprobisatua, non Bertso Eskolako hiru lagunek beste lagunak aspertzen dituzten. Guk, gutxienez, gozatu dugu. Eta erdi bero, Xirura joan gara, Gotaine-Irabarnera.

Argiak itzali dira kiroldegian, eta Mixel Etxekoparrek ohiko hitz jokoen artean aurkeztu du Vagabontu taldea. Musika tziganoa, errumaniarren ahotik, bizi-bizi. Ondotik, musika esperimentala, ona baina luzea, eta gero Karidadeko Benta. Eta festibalak beti berrikuntza zerbait dakarrelako, Xiberoko Benta agertu da; hots, Zumaiako taldeak Oiherko pastoraleko txarangarekin sortu berri duen proiektua. Tartean, munduko su txikienaren sorkuntzaren lekuko izan gara. Ez dut gehiago zehaztuko ikusgarria. Guretzat, interesgarriena gerokoa zen, garagardoa isurtzen denekoa. Gazteriaren lanerako motibazioa. Besta, lege zaharrek manatzen duten bezala. Kultura bai, besta ere bai. Baina azken finean, ohartu gabean, Xiruren Magiak, edo nork daki zerk, biak nahasi ditu. Xiberoko Bentak gaitu ostatura eraman. Tronpeta, danbor, xirula eta gitarren gibeletik joan gara. Basoak hustu eta bete. Dinbili-danbala, Vagabontu itzuli da, eta xirutarrak tzigano bihurtu gara.

Kusturikaren film batean bezain luze, bero eta alai izan da dantza mozkortua.

Une honetara iritsi eta zer arraio idazten ari ote naizen pentsatu dut. Hau ez da iritzi artikulua; GAZTEZULOkoek eskatu didatena, hots. Barka nazatela, baina dagoeneko urrunegi joan naiz, eta orain Xiruko gau hartako azken unera iritsi behar dut. Bukatu zen.

Horrelako gau gehiago beharko genituzke Xiberoan. Baina Xiru Xiru da, eta horrelakoak urtean behin izaten dira. Adi egon 2008koa ez huts egiteko.