Gatibu: “Disko hau Gatibu da %100”

"Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik". halaxe izena du Gatiburen hirugarren diskoak; Orain arteko onena, taldekideen esanetan. Haimar Arejitarekin solastu gara.


Hirugarren diskoa Emaitzarekin gustura?
Erabat. Soinua desberdina da aurreko lanekin alderatuta, eta hori nahi genuen, besteak beste. Naturalagoa da, bateriak presentzia handiagoa du, eta gitarrak apur bat garbitu ditugu; distortsio gutxiago daukate. Badute bere ukitua, baina soinua garbiagoa da.

Estudio bat baino gehiagotan aritu zarete...

Hasieran Lorentzo Recordsen izan ginen bateria, baxua eta gitarretako bat grabatzen. Zuzenean sartu genituen uztaila eta abuztua artean, hirurok batera. Hango lanak bukatuta, Iñaki Uohoren estudiora joan ginen bigarren gitarra, punteoak, ahotsak eta gainerakoak grabatzera. Iñigo Etxebarrieta Pitu-rekin aritu gara.

Dena batera grabatzea ez da ohikoa, ezta?

Diskoari freskotasuna ematearren probatu genuen, eta asmatu dugu. Normalena bakarka grabatzea da, baina zailagoa ere bada, bila zabiltzan soinu perfektua lortzeko. Sekulako musikaria izan behar duzu eta, hala ere, nahikoa lan!

Ia hiru urte eman dituzue disko hau prestatzen...

Horrelako zerbait, Disko Infernu bukatu eta gutxira hasi ginen lan honekin. Presa handirik gabe aritu gara, egia esan. Diziplina ez da gure ezaugarri nagusia: ez gara abestiak segituan konposatzen dituen  makina bat. Gogoa izate hutsa askotan ez da nahikoa, eta itxaron beharra dago ideiak sortu arte.

Entzuleak zer topatuko du disko honetan?

Gatibu da, %100: Alexen ahots indartsua, betiko rock-aren eremuan aritu arren soinu desberdina duten gitarrak eta, hitzen alorrean, ñabardura ugari. Bi hitzetan, kantu borobilak dituen disko on bat.

Disko ona dela diozu. Gatiburen lan onena al da?

Askok esaten dute lehenengo diskoa bezalakorik ez dagoela, baina nire ustez,  hau da onena. Urteak daramatzagu elkarrekin jotzen, eta bakoitzak besteen bertuteak estimatzen eta gabeziak errespetatzen ikasi du. Aurretik egindakoaren sintesi modukoa da eta, merezi du entzuteko tarte bat hartzea, hasieratik bukaera arte. Ondoren, gehiagotan entzuteko gogoa sortuz gero, askoz hobe.